MUSIKA

Siena Root suediarren hard rock doinuak, Dabadaban

Suediako Siena Root bandak 70eko hamarkadako hard rocka jotzen du, eta gaur, Donostiako Dabadaba aretoan izango dira, 20:30etik aurrera. Suediarrekin batera, Luma taldeak joko du.

Red Ribbon Music promotoreak jakinarazi duenez, ibilbide luzeko taldea da Siena Root, eta gaur, euren seigarren lana aurkeztuko dute, Pioneers (2014).

90eko hamarkada amaieran eratu zen taldea, Stockholm hirian. Bada, 2004an, lehenengo diskoa argitaratu zuten, eta harrezkeroztik, estudioko lau disko, zuzeneko bat, DVD bat eta zazpi hazbeteko bi plazaratu dituzte. Guztira, 20.000 disko baino gehiago saldu dituzte.

Disko berrian, blues kutsuko rock kantuak eta inprobisazio uneak uztartzen dituzte, izan ere, inprobisazioan oinarritutako jam session psikodeliko asko egiten dituzte, bai lokalean, bai kontzertuetan. Horretarako, organoa pisutsuak, gitarra riff klasikoak eta ahots blueszalea erabiltzen dituzte.  Klasikoak izan arren, etengabe ari dira euren jarioa eraldatzen.

Bestalde, Red Ribbon Music promotoreak hurrengo hilabeteetarako kontzertu hauek antolatu ditu: hilaren 15ean, Cuchillo de Fuego, Dabadaban; apirilaren 2an, Raised Fist, Dabadaban, eta maiatzaren 15ean, Open Rock Gaua: The Cynics, Kris Rodgers & the Dirty Gems eta Bullet Proof Lovers, Donostiako Larratxo Kultur Etxean. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button