MUSIKA

Pop, rock eta elektronika, Bilboloop jaialdian

Bilboloop  pop, rock eta elektronika jaialdia azaroaren 20an eta 21ean egingo da, ohiko tokian; hots, Bilboko Kafe Antzokian.

Ostiralean, Amatria, Cliché eta La Bien Querida izango dira oholtzan; larunbatean, berriz, Sonic Trash, Pins eta Boxed In. Horretaz gainera, larunbatean, 13:30ean, Alvaro Segovia musikariak kontzertua egingo du Zazpikaletan dagoen Serie B saltokian. Segoviak Atom Rhumban jo du gitarra,  besteak beste.

Bilboloop jaialdian parte hartu duten taldeen harira, Amatria Joni Antequera musikari espainiarraren egitasmoa da, elektronika eta pop melodiak uztartzen dituena.  Aurten, hirugarren lan homonimoa argitaratu du.
Cliché Bordeleko boskotea da, eta elektronikaz bustitako pop psikodelikoa jorratzen du. Orain arte, bost kantudun EP bakarra argitaratu du. Bilboloopen arabera, “kantu atomosferikoak, poetikoak eta enkantatuak dira”.
Ostiraleko saioa, La Bien Queridaren kontzertuarekin amaituko da. Estilo partikularra eta berezia duen artista da, eta oraintsu, laugarren lana plazaratu du, Premeditación, Nocturnidad y Alevosía. Bere musikan askotariko elementuak nahasten ditu: flamenkoa, rumba, elektronika, pop…

Larunbatean, halaber, beste hiru talde arituko dira. Sonic Trash bilbotarrek Látigo izenburuko lana aurkeztuko dute. Oraintsu, lan horretako kantu baten klip berria zabaldu dute, El Caminante.
Pins laukotea, berriz, Manchester hiritik datoz, eta post-punk melodikoa jotzen dute. Wild Nights izenburuko bigarren lana plazaratu berri dute.
Amaitzeko, Oli Bayston ekoizle britainiarraren egitasmoa da Boxed In. Aurten, bi single eta estreinako lan luzea kaleratu dituzte. Taldearen proposamena oso dantzagarria eta erritmikoa da, eta iturri askotatik edaten du: House, kraut…

Informazio gehiago: bilboloop.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button