MUSIKA

Aurtengo “Bakioko Musika Astea” gaurtik aurrera

Bakioko Udalak Musika Astea antolatu du beste behin, uztailaren 20tik 22ra bitartean. Guztira hiru kontzertu programatu dira bertako Andra Mari elizan, 20:00etan hasita. Tradizio handiko ekimena da Bakioko Musika Astea, aurten bere XXXIV. edizioa beteko duena.

Gaur, uztailaren 20an, bidean jarriko den kontzertu zikloan, Ether Ensemble taldearen kontzertua programatu da. Taldekideek honela deskribatu dute taldea: “Ether oso talde heterogeneoa da. Geure musika soilik musika gisa sailkatzen dugu, batzuetan jazza izan daitekeelako, beste batzuetan klasikoa, edo garaikidea, edo folklorikoa, edo alternatiboa. Sorkuntza propioak jotzen ditugu, lehen aipatutako estilo guztien eraginekin, eta baita bertsioak ere”.

Biharko, uztailak 21,  eta etziko, uztailak 22, kontzertutan Musbika Ensemble eta Magna Boskotea arituko dira, hurrenez hurren.

Ekimenak segurtasun neurriak izango ditu, eta edizio honetan emanaldien kopurua murriztuko da eta segurtasun-neurri zorrotzak bete beharko dira. Nahitaezkoa da aurrez izena ematea Kultur Etxean edo telefono honetan (94 619 33 69). Izena eman ezean, ezin izango da kontzertura sartu. Areto barruan ezarritako segurtasun-tartea mantendu beharko da, eta maskara jantzita eramango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button