Nontzeberri

Aurten ez da egongo Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia

Birusak sorturiko osasun larrialdia dela eta, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia ez da aurten egingo. Uztailaren 9tik 12ra bere 31. edizioa ospatu behar zen, baina aurten ezinezkoa izango da. Jaialdia bertan behera geratzen den bigarren aldia da honakoa, 1995eko edizioa eta gero.

Aurtengo Kalekaren deialdian aurkeztu ziren 500 taldeetatik 20 izan ziren aukeratuak. Talde horiek, beren ikusgarrietan dantza, zirkua, clown, keinu-antzerki, esperimentazioa edota piroteknia erabiltzen dutenak,  Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta Euskal Herritik etorritakoak ziren.

“Kaleka Lekeitio eta inguruan egiten den jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta horrela izan behar du ere hurrengo urteetan. Kultura arloan ere sekulako aberastasuna eskaintzen digu, beste modu batean ikusi ezingo genituen ikuskizunak gurera ekarriz. Modu berean, KALEKA Lekeitiotik kanpora ere proiekzio handia duen ekitaldia bilakatu da, kale arteen sektorean erreferentea izanik, Lekeitioko markaren parte ere bada.”

Datorren urtean, egoera ezberdina izango da seguruenik, eta jaialdia presente egongo da beste behin Lekeitioko kaleetan.

Exit mobile version