ESZENA

“Aukeran 20 urte” atzera begirako ikuskizuna, Tolosan

XIV. Dantza Zirkuituaren programazioaren baitan, Aukeran Dantza Konpainiak Aukeran 20 urte atzera begirako ikuskizuna eskainiko du ostiralean, hilak 14, 20:30ean, Tolosako Leidor Antzokian.

Aukeran dantza-konpainiak bi hamarkada bete ditu eta horren aitzakian ikuskizun berri bat eskaini nahi izan du, “bere koreografiarik esanguratsuenei bisita malenkoniatsua eginez baina, aldi berean, aire berria itsatsiz”.
Edu Muruamendiarazek Ainhoa Aierberi agindu dio Aukeran 20 urte lanaren zuzendaritza eszenikoa, eta azken horrek Gernika (2009), Geltokia (2014) eta Maurizia (2016) lanen unerik garrantzitsuenak lotu ditu, tradiziotik modernitaterako bidea egin beharra azpimarratzen duen gidoi berria osatzeko.
“Ikus-entzunezko muntaketak dantzariaren eta hodeien pisugabetasuna aipatzen du, Jesus Mari Lazkanoren oroitzapenezko kartelean agertzen den lurbira-globoaren aurrez aurre”. Musika-zuzendaritza Mixel Ducauren esku izan da.

Aukeran taldea Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen, dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko mestizajea lantzeko. Azken sorkuntzen artean honako hauek dituzue: Sutargi (2001),  Izena duen guztia omen da (2003) Bideak (2006), Gernika, danza sobre el lienzo (2009), Burnia (2011) eta Geltokia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button