MUSIKA

The Goon Sax pop talde australiarrak Donostian joko du

Ostiralean, ezinbesteko hitzordua dute doinu popzaleen jarraitzaileek, izan ere, egun horretan The Goon Sax talde australiarrak joko du Donostiako Dabadaba aretoan. Hirukote gazteak harribitxi melodikoekin osatutako bi disko argitaratu ditu, azkena oraintsu, We’re Not Talking (Wichita, 2018). Australiarrekin batera, Madrilgo The Parrots garage-rock taldea izango da agertokian.

Brisbane hirian eratu zuten taldea James Harrison, Riley Jones eta Louis Forster musikariek, institutuan zeudela, 18 urte bete barik. Forster, gainera, The Go-Betweens taldeko Robert Forster kidearen semea da. 2016an, Up To Anything diskoa grabatu zuten, zeinak oso kritika onak jaso zituen, grabazioan jasotako pop doinu sotil, sinple eta bikainak tarteko.

Orain, bigarren lan bat plazaratu berri du hirukoteak, We’re Not Talking. Diskoak dozena bat kantu biltzen ditu, aurreko lanean bildutakoak baino helduagoak, tarteka, Britainia Handiko post-punk zertzeladekin jantziak, bai eta hari eta haize konponketekin apainduak ere. Horrekin batera, gitarren presentziak bere horretan jarraitzen du, Velvet Underground edo Modern Lovers klasikoen ondarean iltzatuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button