LITERATURA

“Atzerriaren mikatza eta idaztearen gozoa”, Antzaren nobelan

Mikel Antza (1961, Donostia) idazlearen Atzerri eleberria aurkeztu du gaur goizean Susa argitaletxeak Donostiako Udal Liburutegi zaharrean. Antzaren bigarren nobelak literatura, kartzela, ihesa, erbestea, klandestinitatea eta amodioa ditu ardatz, besteak beste.

Donostiarra egun kartzelaratuta dago Frantzian. Hortaz, ezin izan da aurkezpen ekitaldian izan. Haatik, Susak bere hitz batzuk helarazi dizkigu: “Ez dago atzerri bakar bat, norberak berea bizi du. Nire hau Ospitalekoak (bere aurreko eleberria) hura bezain autobiografikoa da; badu bizitakotik, baita asmatutakotik ere. Nire memoria on, gaizto, eta ez erabat fidagarriarena da errua”.

Atzerriaren eta idazlaritzaren arteko uztarketaren inguruan idatzi du gipuzkoarrak nobela hau: “koktel horretan mikatza eta gozoa nahastu ditut; atzerriaren mikatza eta idaztearen gozoa”. Pasarte batzuk oso latzak izanagatik ere, inoiz baino gehiago gozatu du autoreak idazketa lanean.  Irakurleak ere gozatua hartzea izango litzateke nire pozik handiena”.

Honatx eleberriaren sinopsia: “Idazle batek beste bati Martuteneko kartzelatik ihes egiten lagundu dionez geroztik atzerrian bizi da, lanbiderik gabe, herritik urrun, lehen jori sortzen zitzaizkion istorioak asmatzeko ezindurik. Zalantzez estututa dabil: gerraren erdian nola jarraitu idazten?, zertaz idatzi beste batzuek dena ematen diharduten artean? Halatan, bere bizitza noratuko duen erabakia hartzeko premiaz konturatuko da: idatzi edo borrokan jarraitu, luma edo ezpata”.

Antzaren seigarren lana da gaur aurkeztutakoa: Bi narrazio bilduma, Lehen Bilduma 82-84 (1985) eta Odolaren Usaina (1987); antzerki lan bakarra, Beteluko Balnearioko Mirakulua (1985); Ataramiñek 2011n argitaraturiko Basamortuko Kronikak; eta, azkenik, bi nobela, Ospitalekoak (20109 eta Atzerri.

Hauexek izan dira Antzak literaturaren inguruan bota dituen azken hitzak: “Literatura hipotesia da (…), batzuetan bizitza bezala, istripu bat edo patua ere izan daiteke. Inoiz ez, ordea, zorigaitza. Literatura gozamena dela esanez amaituko dut”.

Ondoko bideoan Harkaitz Cano agertzen da Atzerri-ren inguruan. Izan ere, eleberriaren aurkezpenean izan da gaur goizean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button