ESZENA

Atx Teatroaren “7ak Bat” obra, Iruñeko “Antzerki Aroa” zikloaren azken emanaldia

Pasa den urrian abiatu zen Iruñeko Antzerki Aroa zikloa bere azken emanaldira iritsi da.  Ekimen honek antzerkia euskaraz gozatzeko aukera paregabea eskaini du Nafarroako hiriburuan, eta euskal antzerkigintzako bost antzezlan berri eman ditu udazkenean zehar.

Hala, Nafarroako Antzerki Eskola, Gayarre Antzokia eta Iturramako Civivoxa agertokiak hartu ditu euskal antzerkiak, eta bertatik pasatu dira Rubik Theatre, Vaivén produkzioak, Artedrama-Axut-Dejabu Panpin Laborategia eta Hika Teatroa, azken lanekin: Babesleku Arrotzak Eta Animalia Bakartien Hotsak, Erlauntza, Zaldi Urdina eta Txarriboda obrak, hurrenez hurren.

Hartara, biharko obrarekin, itxiko da aurtengo Antzerki Aroa zikloa. Nafarroako Antzerki Eskolaren agertokian, arratsaldeko 20:00etan, 7ak Bat antzezlana aurkeztuko du ATX Teatroa konpainiak. “Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina al da?”,  galderen inguruan jardungo dira Mirian K. Martxante, Aiora Sedano eta Estibaliz Villa aktoreak oholtzan, Iñaki Ziarrustaren zuzendaritzapean.

Obran, 2018an, 200 urte bete dituen Victor Frankenstein inspirazio moduan hartuta, gure kulturako “zazpi bekatu kapitalak” eta beste kulturetako beste hainbat hartuta, guztiekin gizaki berri bati bizia emango zaio “groteskoa, basatia, gupidagabekoa… Komedia, satira eta sarkasmoaren lengoaiarekin, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna agerian geratuko da”, konpainiaren hitzetan.

Atx Teatroa 2010ean sortu zen Iñaki Ziarrustaren ekimenez. Filosofia argia dutela aitortzen du zuzendariak, “distopikoa eta insurgentea den euskal kultura”, hain zuzen ere. “Baina ATX Teatroa antzerki konpainia bat baino gehiago da, antzerki sorkuntzako alor guztietan egiten duelako lan”.  Hala, kaleko edo barruko ikuskizunez gain, beste ekimen batzuk ere eskaintzen dituzte, esaterako,  aholkularitza tekniko-artistikoak, profesionalentzako ikastaro monografikoak eta eszenografia-tailerrak eta eszenografia-tailerrak.

Informazio gehiagorako, sartu  Iruñakulturada web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button