EZLEKUBAT

Bost behatz oniriko

1-Baldin badago eremu bat gizakiaren eta gizartearen eta arrazoiaren mugetatik haratago doana, hori ametsen mundua da. Amets egitean animali, lur, harri bilakatzen gara ia. Defini daitekeen egoera orotik at, naturaren erritmo berezkoek eurenganatzen gaituzte, eta sekula azaldu ezingo dugun unibertsoa margotzen da gugan. Saiatu amets bat azaltzen, eta ezintasuna filtratuko zaizu erabilitako berba ezgaien artean. Benetako edozein azalpen azalezina den moduan, igeri ezinezko lainoan geratuko zara. Kanpoko arrazoiarentzat ezdeus, ero, inkoherente agertuko zara. Eta hori da agian ametsek eskeintzen diguten oparirik ederrena. Inork ezingo dituela sekula ulertu. Agian guk ere ez.

2-Milurteko txaman harek jakituria zehatz bi utzi zizkigun:

  1. Zeure ametsak zeure indartzerako dira. Ametsak gizakia bizituko du. Eta gizakiak, indarrik balu, jendartea. Ametsetik jendarterako jauzia alperrikakoa da. Ametsak norbera gidatuko du. Norberak, agian, albokoa. (Artearekin ere berdin, Oteizak zioenetik).
  2. Zeure ametsa joku, koadro abstrakto, badoan haize izango zaizu. Ezingo duzu ametsa zeureganatu. Ezingo duzu baldin eta harago joango ez bazara ekinean. Baldin eta ametsarekin parez pare jarri eta indarrez saiatuko ez bazara. Hala esaten zuen azti zaharrak, ametsean eragiteko bidetik azalduko zaizkizula lurrean eragiteko bideak. Ametsetan jokatu eta gidatzeko gaitasunak dakarrela bizitzako kontuetan haratago heltzeko gaitasuna. Baina noski, ametsa ez da errez, ametsa ez da ahul. Norberaren ametsak tranpak jarriko dizkio norberari, eta ez dio erabakitzen, gidatzen utziko. Joera pasiboa eragingo du amesgilearen baitan. Korronteak eraman zaitzan konbentzituko zaitu. Eta baina ametsean eragitera helduko bazara, unibertso definigaitz horretan bideak zehaztu eta ibiltzera helduko bazara; hurbil duzu mundu esnatua deszifratzeko kodea. Instintu bera dira berean. Eta gizakia baino zaharragoko unetik datoz biak. Poesia bera dira.

3-Ametsetik libre tantakatzen da sorkuntza. Definizio barik datorren jaiotza. Inongo surfistak harrapatu ezingo duen olatua. Argi inpultso bat.

Honela, esanak esana, artesania omena da irudi baten errepresentazioa bilatzen duen prozesua, eredu jakin batean bukatuko den pieza, nora goazen badakigun prozesua. Eta, esanak esana berdin, artea omen da hasiera besterik ez dena, helburu eta eredurik bako peregrinatzea, inkontzientearen ibilkera soltea.

Eta honela zaigu hain aske, hain orijinal, hain artistiko Iraiaren marrazki oro. Inongo neurritatik aske, bere berezko erritmoan baino bizi ez diren irudiak. Inon hiztegiratu ezinezko korronte bat. Apustu egingo nukeelarik Iraiaren hasiera oro hasiera baino ez dela. Iraiaren asmo oro asmo baino ez dela, sekula ez ziurtapen. Eta honela filtratzen zaigu begietatik sailkatzen beti zail izango zaigun edertasun bakan eta bizi hori.

 
4-Gizarte mailako gezur handietako bat da “amets bat daukat” delako esaldia. Eta azaltzen zaigu ondoren “nire ametsa etxe eder eta animaliz beteriko bat izatea da” edo “auto gorri eta deskapotable batekin amesten dut” edo “lanik ez egitearekin egiten dut amets”.

Martin Luther King-en “Bart amets egin dut” famatu hura, egiturazko baliabide bezala jaio zena, gizartearen korrontean txertatua somatzen dut. Baina orduan indarra eta jolasa ezkutatzen zituen forma hura, ezina eta etsipena ezkutatzen dituen aitzakia bilakatu da. Eta bide hortatik, gehiengoa, bere desira kontziente eta materialak “amets” bezala definitzera heldu da. Hortik, euren ametsen subertsioa eta indarra baliogabetu dituzte. Eta sistema ekonomiko honen lengoaia eurengan onartu dute, euren azken helburu bezala aurkeztuaz.

Baina ametsa inkontzientearen bultzada da, eternitateak gugan marrazturiko tatuaia iragankorra. Geuretzat ere onartzen zail diren egoerak sortzen dizkigu, esnaldian onartuko ez genituen aurpegiak aurkezten dizkigu, edo hegan egiten dugu. Eta planifikazio oro txikitzearen indar basati horretatik dator, gugan, bizitza, ama natura, eta poesia oro. Geure bizitza beste zerbait dela, eta beste zeozertan oinarritzen dela xuxurlatuz. Eta hala da ametsei jaramon egin behar zaiela, geure bizitzarako herraminta izan behar zaizkigula, eta nola ez, gure sorkuntzarako.

5-Pausatzen da pintzela, apoiatzen da arkatza, eta hortik aurrerakoa ezeren menpeko ibilbide askea da. Geuk ere susmatzen ez genituen instanteetara eramango gaituen tren zahar hegalaria. Imajinazioa labur izango zaigun paradisu urtsua. Eta edozein azalpen azalezin. Nola azaldu. Azaletik barrurako kontu bat da. Nola azaldu. Azaletik barrura ere lurrazala txiki. Nola azaldu…


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button