BESTELAKOAK

“Pop Pilulak” fantzinearen zazpigarren alea labean da

Pop kulturari buruzko euskarazko fantzinea da Pop Pilulak. Bada, laster zazpigarren alea plazaratuko da, zeina Durangoko Azokan izango den eskuragarri, Entzun! eta The Balde argitalpenen standean, abenduaren 2tik 6ra bitarte.

Hauexek dira ale berriak ekarriko eduki batzuk: Txerra Rodriguezek hiri-kondairak izan ditu hizpide, artikulu misteriotsu bezain umoretsuan eta Santi Leonek terrorezko zinea, fikziozko testu labur bat tarteko. Koldo Almandozek, berriz, mod eta rocker-en arteko borrokak gogorarazi ditu, hamaka-guden bidez.

Iñigo Basaguren-Duarte “Brasilgo marikoirik matxoena”-enaren inguruan aritu da, eta Yurre Ugartek Astuntasun jasanezina kontakizun p(op)sikiatrikoa idatzi du. Goizalde Landabasok, berriz, Hilma Af Klint pintorea, “abstrakzioaren aitzindaria”, ekarri du fantzinearen orrialdeetara.

Pop Pilulaken arabera, Igor Mercado da ale berri honetara gerturatutako kolaboratzaile berria, zeinak Ulli Lust komiki-egile austriarra elkarrizketatu duen. Horrekin batera, fantzinera bueltatu da Gotzon Hermosilla, Ostiralero bezala kontakizunaren bitartez, Rezillos punk taldearen hotsekin jantzia.

Musikaz aritu dira, bestalde, Julen Azpitarte eta Xabier Sagardia. Lehenengoak estatuko bi pop-diskoetxetako arduradunak elkarrizketatu ditu, Pretty Olivia Records eta Tenorio Cotobade, biak ala biak pop diskotzarrak argitaratzen ari dira; bigarrenak, berriz, Los Patos 1980ko hamarkadako talde donostiarrari buruz idatzi du.

Azpitartek, gainera, Fonsoul musikari eta disko jartzaile bartzelonarra elkarrizketatu du, 1990ean Espainian izandako indie-noise estiloaren eztandaren ordezkari Parkinson DC taldean aritutako musikaria, eta egun, binilozko single originalen erreferentziazko bildumazalea: rhythm and blues, soul, latin, boogaloo, garage-soul…

Alea jada inprentan dago, eta ohiko saltokietan ere izango da eskuragarri.

Informazio gehiago: pop pilulak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button