BERTSOTAN

“Adin adin” egitasmoaren hasiera, gaur Azpeitian

Bertsoen bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko ekimena da Adin adin. Aurten ere, Gipuzkoa osoan, 14 saio egingo dira abendura bitartean; lehena gaur berton izango da Azpeitian.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko bultzadatik sortu da, eta pertsona nagusien kalitatea hobetzeko eta gaitasun psikoemozionalak lantzeko egiten da; “egoitza bakoitzera bi bertsolari joaten dira, ahal bada eskualdekoak, ezagutzagatik, bi belaunaldi ezberdinetakoak eta gizonezko eta emakumezko bat izatea ere ahalbidetzen da”.
Lankuk adierazi duen moduan, “proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza zahar etxeetara iritsarazi da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki”, izan ere, bertsoaren bidez, adineko pertsonek euren memoria landu ahal dute, beraien bizipenak eta oroitzapenak gogoraraziz.

Egitasmoaren dinamika honetan datza, “aurrez zahar etxeetako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egiten dute bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan egoiliarrekin, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko”.

Sebastian Lizasok parte hartu du inoiz honelakoetan, eta hala deskribatzen du egoera: “Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu ‘ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean…’ ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: ‘honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du…”. Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien… eta oso esker onekoak dira”.

Ekimena gaur hasiko da Azpeitian, eta gero Errenteria, Lazkao, Tolosa, Arrasate, Azkoitia,Oiartzun, Bergara, Beasain, Usurbil, Segura, Zestoa, eta Donostia bisitatuko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button