Nontzeberri

Ateramiñek urteroko uzta literarioa aurkeztu du

Urteroko egiten duen moduan, Ataramiñe Elkarteak euskal presoen zenbait sorkuntza lan plazaratu ditu. Joan den ostiralean horien aurkezpena egin zuten Bilboko Erronda Kalean dagoen Bira tabernan. Bertan Lorea Erostegi (Txori mezulariak liburuko irudigilea), Oier Gonzalez (Ataramiñe elkartekoa) eta Ion Telleria (Egia baten egunerokoa liburuko hitzaurrearen egilea) bildu ziren.

Aurten hiru euskal presoren lanak kaleratu ditu elkarteak. Batetik, Antzuolako Joseba Erostegi eta haren ilobaren artean idatziriko  Txori Mezulariak, haurrentzako ipuina. “Mezu elkartruke batetik jaio da ipuin hau. Espetxean dagoen osabaren eta kalean dagoen ilobaren arteko mezuek mimo handiz eraiki dute kontakizuna. Espetxearen errealitatea gainditu du txori mezularien hegaldi txikiak. Okilak bezala, kolpe txiki etengabez, sortu da  arrakala osaba inguratzen duen paretan, eta  bertatik igorri dira papera brodatu duten afektuzko hitz eta kolore biziko  sentimenduak”.

Bestetik, Oier Goitia gernikarraren bigarren olerki bilduma, Egia baten egunerokoa izenekoa. “Egiaren parte da Lizarra-Garazi garaian ihes egin eta orain Murtzian duten lagunaren eguneroko aldrebes hau. Preso egon den orok bere gutunetan topatuko dituen pasadizoekin,  preso egon den ororen egia eta batzuk preso egon direla gogoratzen duen ororen egia. Egietako baten egunerokoa da hau, hegitik egiarako bidean edo…”

Eta azkenik, Eibarko Ibon Muñoa euskal presoaren Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma. “Ibon kalean balego, blogaria litzateke. Blogari berezia, halere, bertsoz eta poesiaz ematen duelako egunekoak eragiten dion hausnarketa, normalean,  hitz lauz jarduten dugulako bloga dugunok. Era berean, ezin dugu ahaztu, unean uneko gaien gainean hausnartzen da webgune batzuetan.  Muñoak gauza bera egiten du, ezagutu duen  albiste batek, adibidez, zer senti edo pentsarazi dion azaleratzen du. Eguneroko moduko bat dela esan genezake, beti ere hitz neurtuan idatzita”.

Lan horien eta beste askoren gaineko informazio guztia, Ateramineren webgunean duzue.

Exit mobile version