LITERATURA

Liburuen aurkezpen eta irakurketa dramatizatuak, Karrikirin

Karrikiri Elkarteak ekitaldi ezberdinak egingo ditu hil honetan, tartean, zenbait libururen aurkezpen eta irakurketa dramatizatuak.

Lehen hitzordua, ostiralean izango da, eta Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburu aurkezpena eta irakurketa dramatizatua egingo da 19:30ean hasita. Parte-hartzaileak Uxue Alberdi, Martzela Abarzuza liburu dendaria, eta Itsaso Agirre antzezlea.
Lanaren sinopsia honakoa duzue: “Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marxeta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dituzte diskoak lagunekin, edo abortuaren aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako. Botoi bat josi liburu bat gomendatzen den bitartean, eta diskoak saldu txapelak brodatu ondoren. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bidez batez, garai batena ere bai. Memoriaren dendaostetik”.

Hurrengo zita azaroaren 16an izango da, eta Jakoba Errekondoren 2022 Ilargia eta landareak agenda-Baratzea, Fruitu baratzea, Lore baratzea, Basoa liburuaren aurkezpena egingo dute, 19:30ean hasita.

Azkenik, Irati Jimenezen Ogia eta zirkua eta Begiak zabalduko zaizkizue-Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuen aurkezpena azaroaren 24an izango da, ordu berean. Bertan, Irati Jimenezek eta Mikel Sotok hartuko dute parte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button