Nontzeberri

Asteburuan, “Ziortzako Kontzertuen” edizio berria hasiko da

Ziortzako Kontzertuak zikloaren  programazioa aurkeztu da gaur, antzinako, elizako eta musika barrokoaren kontzertu zikloa. Azken urteetan bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gondra Barandiaran Fundazioa, Ziortza-Bolibarreko Elizateko Udalarekin, Ziortzako Kontzertuak Kultura Elkartearekin eta BBKrekin elkarlanean antolatutako programazioa da berau.

Aurtengoa, bere XXXI. edizioa izango da eta datozen bi asteburuetan, irailaren 14an, 15ean eta 21 eta 22an, 18:00etatik aurrera, Ziortzako Kolegiatako gune historikoan eskainiko dira kontzertuak, arte eszenikoak eta gure lurraldeko ondare historiko zein kulturala uztartuz.

Hala, datorren larunbatean, Asier Polo bilbotarrak emango dio zikloari hasiera. Bere belaunaldiko biolontxelo-jolerik handienetakoa da kritikari adituen iritzian, eta bakarlari jardun izan du nazioarteko orkestrarik garrantzitsuenekin: Philharmonia Orchestra, London Symphony Orchestra, Danish National Symphony Orchestra, edota Orchestra Sinfonica Nazionalle della RAI, beste batzuen artean. Gaurko musikarekin daukan konpromisoa eta lan berriak bultzatzeko ahaleginean, aipamen berezia merezi du. Izan ere,  Ziortzako eremu paregabean, bere lan berriaren grabaketa lanetan murgilduta dabil.  380 urte dituen bere biolontxeloaren soinu bereziarekin,  Johann Sebastian Bach konpositorearen 3 suite grabatu ditu, eta beste hiruren grabaketa egiten ari da, bi CDtan kaleratuko dituenak. “Soinu bikaina ematen duen leku ederra da Kolegiata”, adierazi dute antolatzaileek.

Irailaren 15ean, igandez, Andrés Cea Galán & Ainhoa Barredok organo kontzertua emango dute, errepertorioaren ikuspegi berritzailea eskainiz.  Interpretazio, musikologia ikerketa eta irakaskuntza dira Galanen egungo jarduera nagusiak. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean doktoreak teklaturako musikaren interpretazioari buruz  eta organoaren historia eta estetikari buruz hainbat idatzi du. Izan ere, Bizkaiko altxortzat jotzen den Francisco de Etxeberriak eginiko XVII. mendeko organoa erabiliko du bere errepertoriorako, Bizkaiko organorik zaharrena.

Bere ondoan, Ainhoa Barrerdo bilbotarra izango da, bakarlari gisa Europan zehar Vichyko Organo Astean (Frantzia), Organoak Alacanten, Santanderreko Nazioarteko Jaialdia edota Pariseko Espainiar Eliza kontzertu zikloan bakarlari gisa aritua. Gainera, izen handiko organo-jotzaileekin batera ere ibili da, Tomasz Adam Novak, Rudolf Meyer edo Martin Hasselböckekin, esaterako.

Datorren astean izango du jarraipena zikloak eta larunbatean irailaren 21ean, Bilboko Propitia- Sydera orkestra barrokoaren txanda izango da, Veneziatik Saxoniara bidaia Vivaldi eta Bachekin errepertorioa eskainiz. Bertan, nazioarteko musikari barroko onenek parte hartuko dute, Alfredo Bernardini eta Pedro Gandia esaterako, oboe barrokoan eta antzinako musikan aditua lehena, eta biolin barrokoan bigarrena.

Eta irailaren 22an, Conductus Ensemble musika taldea, Andoni Sierra taldearen zuzendaritzapean izango da. Errenazimentutik XX. mendeko musikara arteko errepertorioa eskainiko dute, Johan Sebastian Bach-en Integral de motetes, “zailtasun handiko errepertorioa”. Horretarako 50 ahotseko taldea dute, eta tresnetan atal bi: bata, antzinako musika jotzen aditua, eta bestea, garai guztietako errepertorioa jotzen duena.

Antolatzaileek, aurreko ediziotan bezala, Bilbotik autobusak antolatu dituzte Ziortzarako Kontzertuetarako. Tokia erreserbatu beharko da aurretik.

Kontzertuen xehetasun guztiak eta autobuserako erreserbak egiteko, joan Ziortzako Kontzertuak web atarira.

 

Exit mobile version