MUSIKA

Asteburu musikala eta solidarioa

Ohi denez, asteburu hau ere musikaz gainezka dator. Hasteko, bihar Arrigorriagan Josu Lezana musikariaren aldeko elkartasun-kontzertua egingo dute. Lezanak 31 urte baino ez ditu eta gaixotasun larria pairatzen ari da. Hala, musikari gazteari laguntzeko asmoz makina bat talde eta musikari bilduko dira Arrigorriagan, hala nola, Jare, Kalte, Amaiur, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Arkaitz Estiballes, Peio Ormazabal, edo Bide Ertzean taldeko musikariak.

Halaber, gaur bertan, Oñatiko Antton Tabernan Shut Up Trio funk-rock talde instrumentalak joko du 20:00etan. Taldea Fernando Laskurain (gitarra), Mikel Azkargorta (baxua) eta Mikel Ilarduia (bateria) musikariek osatzen dute. Haietariko batzuk Mahaster River eta Aby Kem taldeetan aritutakoak dira.

Punk rock doinuez gozatzeko parada ere izango da gaur Durangoko Plateruenan. Bertan atzerriko bi talde izango dira: Boston hiriko Street Dogs eta The Mahones Kanadako punk-folk taldea. Estatubatuarrek oraintsu plazaratu duten lan homonimoa aurkeztuko dute. Kartela Fiachras taldeak osatuko du. Egitasmo berri hori Brigada Criminal bandaren errautsetatik sortu berri da.

Bestalde, bihar Gernikako gaztetxean Rudelari ska gaua egingo dute. Erritmo tropikalen inguruko ekimen horretan Akatz eta Bilbomatiks taldeak arituko dira. Horretaz gain, kontzertuen ondorean Rude Kanka Sound eta A Rasta-K Soinua egongo dira reggae eta ska doinuak jartzen goizeko ordu txikiak arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button