LITERATURA

Asteburu honetan, Literaturia

Maiatzaren 10etik 12ra, Literaturia jaialdiaren 6. edizioa hartuko du Zarautz herriak. Liburu azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko emanaldiak izango dira bertan. Hona hemen garrantzizkoenak: Uxue Alberdiren Jensijoplin nobelaren jendaurreko irakurraldia egingo dute maiatzaren 10ean (ostirala) 18:30ean, eta ostean Paul Beitiak Uxue Alberdi elkarrizketatuko du Zarauzko Modelo aretoan.  Iñigo Astizek Manifestua irakurriko du egun berean, jaialdiaren barruan. Gero, Bertso trama musikatua antolatu da, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Xabier Lizaso eta Unai Gaztelumendirekin.
Testu laburrak itzultzeko tailerra egingo dute maiatzaren 11an (larunbata), 10:00etatik aurrera, eta itzulitakoan Mundutik euskarara labur labur errezitalean eskainiko dituzte, 13:00etan Zarauzko Modelo aretoan.

Larunbatean, Anjel Lertxundi omenduko dute Otto Pette eleberriaren 25. urteurrena ospatzeko, 12:00etan, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa txakolinarekin. Iñigo Astizek Analfabetoa errezitaldia egingo du, 16:20ean. Ostean, Jose Luis Otamendik Disoluzio agiriak poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du 17:00etan, Zarauzko Garoa liburu-dendan.  Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe eta Eider Rodriguez mahai-inguruan arituko dira Idazleen gorputzak gaia hartuta, 17:30ean, Zarauzko Modelo aretoan. Eta Beñat Sarasolak Deklaratzekorik ez nobelari buruz hitz egingo du Uxue Apaolazarekin, Zarauzko Garoa liburu-dendan.

Eta igandean, Garazi Arrulak eta Ion Olanok Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak aurkeztuko dituzte, 11:40ean. Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta solasean arituko dira Anjel Lertxundi eta Lourdes Otaegi, 13:30ean Zarauzko Modelo aretoan. Hainbat gaztek errezitatuko dituzte Mitxelenaren poesia, Jone Azkoaga eta Andrea Lopetegiren musika lagun. Eta 17:30ean, S(u/a)minetik bakera Patxi Lurra eta Mudoh-ren emankizuna bideo, testigantza eta testuen irakurketekin, Ana Galarraga eta Imanol Epelderen parte hartzearekin.

Gozatu literaturarekin!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button