ESZENA

Aste osoan “Ikuszirkus” jaialdia, Andoainen

Andoaingo Bastero Kulturgunean, abenduaren 26tik 30era bitartean, 10. Ikuszirkus jaialdia egingo da. Tartean, Lurrak produkzio ikusgarria izango da ikusgai.

Ilusio handiarekin programatu da Basteron aste osoko egitaraua: “Urte guzti hauetan talde eta artista ugari pasa dira Bastero Kulturgunetik, guztiak ere helburu berdinarekin, parez-pare duten publikoaren aurrean ikuskizun on bat eskaintzea. Horretarako diziplina eta esfortzu ugari batzen dira, antzerkia, dantza, musika, … baina guztiak elkartuz emaitza ederrak lortzen direla ongi ikusi dugu 10 urteko ibilbide honetan. Aurten aipatzeko ikuskizun bat dugu, jaialdia hasi zenetik esan izan dugu gutxi direla Euskal Herrian sortutako zirku ikuskizunak baina aurten LURRAK ikuskizunarekin hasiko dugu jaialdia, lau akrobata, lau musikari, eta clown artista batu dira FORMATO HANDIKO zirku ikuskizuna sortzeko, guztia Euskal Herrian bertan. Honenbestez, … has dadila X. IKUSZIRKUS jaialdia!!!”,

Gaurko lehenengo saioan Lurrak formatu handiko ikuskizuna programatu da. Bilboko eta Gasteizko Udalen arteko elkarrekintzaz sorturikoa, eszenako kalitate, hiri hezitzaile, euskal kultura eta ekipoaren balioak sustatu nahi ditu. Zirku garaikidea lantzen duen obra hori ekainaren 10ean estreinatu zen Gasteizko Kaldearten, eta ekainaren 27an, Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdian.
Lurrak obrak lantokia adierazten du, non lurra ere oso presente dagoen, eta bertan ere protagonisten bizipenak agertzen diren, hori guztia zirku garaikidearen teknikekin zipriztindurik. Zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituzten espezialisten agerraldiak daude, eta musika tresna tradizionalak (txalaparta ikusgarria) eta modernoak jotzen dituzten musikariak, izan ere, pieza horretarako propio sortu da musika berezia. Bost antzezlek eta lau musikarik osatu dute oholtza gaineko taldea: Ortzi Acosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo, Marc Muñoz eta Nuria Puig interpretazioa lanetan arituko dira, eta Mikel Hernandez, Ana Gambra, Unai Laso eta Roberto Castro musikaz arduratuko dira. Zuzendaritza lanetan, berriz, Adrian Schvarzstein aritu da, eta Jon Ariñok zuzendari-laguntzaile lanak egin ditu.

Honetaz gain, honako lanekin gozatzeko aukera egongo da: abenduaren 27an, Bambalas; 28an, Viaje a la luna; 29an, Italiatik, Sconcerto d´amore; eta abenduaren 30ean, Valentziatik Emportats.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button