ESZENA

Aste honetan itxiko da “Poltsiko Antzerkia” deialdirako epea

Irailaren 26an, ostegunean, itxiko da hain zuzen, Poltsikoko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko X. deialdian lanak eta  proiektuak aurkezteko epea. Beraz, azkar ibili interesatuta bazaudete.

Ekimen honekin, formatu txikian edota tabernetan egin daitezkeen euskarazko sorkuntzak bultzatu nahi dira eta antzezle, antzerki talde eta elkarte artistiko guztiei zuzenduta dago.

Epaimahaiak hautatutako bi obren sorkuntza eta ekoizpenerako, bi diru laguntza eskainiko ditu  Donostia Kulturak deialdi honetan. Irabazleari 4000 euroko diru laguntza emango dio, eta 3200 euro, bigarren lanari. Gainera, hautatutako obrak garatzeko, kultur etxeetako espazioak eskuragarri jarriko dira, eta lau ikustaldi emango dituzte irabazleek X. Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan.

Donostia Kulturako arduradunen ustez, “orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia. Horregatik, orain aurkezten dugun hamargarren deialdi honen xedea ez da diru-laguntza soila, koprodukzioa baizik”.

2011n jarri zen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik, eta aurreko bederatzi deialdietan, 60 proiektu inguru aurkeztu dira.

Poltsiko Antzerki Jaialdia, Donostia Kulturaren eskutik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz antolatutako ekimen beteranoa da.

Eskabideak egiteko edota  deialdiaren oinarriak ikusteko, joan donostiaskultura.com webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button