LITERATURA

Aste honetan abiatuko da “Poetak Maiatzean” jaialdia, Gasteizen

Aste honetan hasita, maiatzaren 8an, eta 30era bitartean, Poetak Maiatzean jaialdiaren  zazpigarren edizioa egingo da Gasteizen. Guztira, bostehun parte hartzaile gonbidatu dituzte poesia, integrazio, berdintasun, kulturartekotasun, eta aniztasunaren inguruan berba egiteko, eta horretarako mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, ikusizko poesiaren erakustaldiak, irakurketa herrikoiak eta abar antolatu dira.

“Poetak Maiatzean deritzonean, poesiak errealitate oro besarkatzen du, gizatasun hari batean behera irristatzen diren hitzak uztartuz. Integrazioaren, aldarrikapenaren eta berdintasunaren mintzairak,  kulturartekotasunaren eta aniztasunarenak,  jaialdia biziratzen eta bakar bihurtzen duen garra pizten dute. Bertsoak hiriarekin solasten dira, kristalezko orrialdetan idazten dute, joandako bidetik itzultzen dira, noragabean ibiltzen, herriekin errimaka, biztanle oro proiektura erakartzen poesiak harrapatu, aztoratu, besarkatu, aireberritu gaitzan, batu gaitzan. Kale-kantoietan, hortxe bertan, poesia dugu zain, Gasteizen eta Araban” adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdian Euskal Herriko eta atzerriko poetek eta musikariek parte hartuko dute, besteak beste Antonio Gamoneda, Ana Rosetti, Noni Benegas, Berta Piñán, Rosana Acquaroni, Ana Mañeru, Carmen Camacho, Eva Vaz, Benjamin Prado, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza, Eider Perez, Leire Bilbao, Edu Zelaieta eta abar.

Aurten ere poesia guztia bildu nahi duen programa herrietara zabalduko da, eta Oionen, Maeztun, Gesaltza Añanan, Burgun, Agurainen, Amurrion, Gopegin, Guardian, Araian, Izarran, Orbison eta Legution poemak entzungo dira.

Programazioaren gaineko datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button