MUSIKA

Askotariko ska erritmo kritikoak

Uribe Kostako Guda Dantza taldeak Argibideak (Baga Biga) izenburuko diskoa aurkeztu du gaur goizean, Bilbon.  Bizkaitarren hirugarren lana da, eta aurrekoetan bezala, ska estiloaren inguruan ardazten da, oraingoan askotariko zertzeladak txertatu badituzte ere.

Hala, elektronika, cumbia edo rap erritmoekin jantzi dituzte haien ohiko ska erritmo dantzagarriak. “Aurreko diskoetan jorratu ez ditugun estiloak jo ditugu, tartean, elektronika, beraz, eboluzio bat izan da taldearen soinuan, eta emaitza hau da, Argibideak”, esan du Jon Maguregi gitarra-jotzaileak. Hala, diskoan ska nagusitu izanagatik ere, lan “eklektikoa” da.

Diskoa Haritz Harreguy teknikariarekin grabatu dute 2017ko hondarrean. Grabazio prozesua erabat aberasgarria izan da musikari gazte hauentzat. “Hilabetez, egunero, izan nintzen Haritzekin estudioan, eta sekulakoa izan da ikustea nolako bilakaera izan duten kantuek zerotik hasita. Diskoa oso giro onean egin da”, azaldu Maguregik.

Grabazioan, gainera, zenbait musikariren laguntza izan dute: Vendetta taldeko Luisillo Kalandraka, Revolta Permanent bandako Iker Villa, Betagarriko abeslari Iñaki Ortiz de Villalba eta Sorkun. “Sorkunen lana ikaragarria izan da, jatorrizko kantua hankaz gora jarri baitzuen. Kolaboratzaile guztien lana ikaragarria izan da, eta haien ekarpenari esker kantuok kalitate gehiago dute”, azpimarratu du Alain Beraza abeslariak.
“Aurretik lan asko egin dugu lokalean”, gaineratu du Ander Basañez saxo-jotzaileak.

Hitzen harira, diskoa eduki kritikoz josia dator izenburutik hasita. “Argibideak sistemak ezartzen dizkigunak dira, baina horren aurrean badugu argiz betetako bideak jartzeko aukera. Bizi dugun egoerak eraman gaitu kritikaz betetako lan hau egitera”. Horretarako, hitzak hamaika erreberentziarekin josi dituzte, askotarikoak: Eduardo Galeano, Charles Chaplin, Blade Runner, eta abar. “Inposisizioei aure egiteko grina dugu”, azaldu du Berazak.

Taldeak eratu zenetik, 2012an, 70 kontzertu inguru eman dituzte eta “gero eta ezagunagoak” dira.  Martxoaren 9an, Bilboko Stage Live aretoan izango dira, Stai Zitto taldearekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button