ARTEA

Askotariko izakiak

Apirilera bitartean, Jorge Rubio artistak Egurre (2012-2018) izeneko erakusketa paratu du Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko erakusketa gelan.

Jorge Rubioren obran, sekuentziak (koadroak, marrazkiak, maketak) lotzen dituen produkzioa osatuz hedatzen da bere unibertso ikonikoa, ia zinematikoa den narrazio-jarraitutasuna eskuratuz. Trebetasun tekniko zaindua baliatuta, ez da baliabide formalen errepikapenean gotortzen den artea. Pieza bakoitzean, bere irudimenaren sakonean murgiltzen da, eta, gainazalera bueltatzen denean, bere konposizioetan txertatzen dituen espazio, objektu eta pertsonaiak berreskuratzen ditu.

Paisaia eta natura bere irudikapenen oinarrizko marko gisa hartuta, askotariko izakiak irudikatzen ditu, jokabide ulergaitzetan, umore beltzez blai. Sarritan, ez dute ezer zehatzik egiten: agertu eta hor nonbait ibiltzen dira, ikusle bakoitzak bere istorioa eraiki dezan. Eskalatik kanpo daude, denboratik kanpo, hondamendi-agertokietan bizitzen.

Bere lanean erabateko eragina du hondamendiaren ideiak, bizirauteko babesleku gisa, zeinetara halabeharrez egokitzen garen. Zibilizazio jasangaitz eta gainezkatuari buruz mintzatzen diren hondakinak erabilita, sortzen, birziklatzen eta, jakina, jolasten jarrai dezakegu. Ikuspegi artegatsu honek ikuslearen zentzuari galdegiten dio modu zuzenean, eta hark bere burua islatuta ikusten du, gaur egungo mundua sartuta dagoen hondamendiaren makina handian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button