BESTELAKOAK

Askotariko egitaraua eta oparoa iragarri du Ahotseneak

Durangoko Azokaren 53.edizioa ate joka daukagunean, Ahotsenea sortzaileen topaguneko egitaraua iragarri dute dagoeneko. Beste urte batez, abenduaren 5etik 9ra, euskal musikaren eta literaturaren erakusleihoa bilakatzen da topagunea, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Hala, 200 sortzailetik gorako parte hartzearekin, 70 kontzertu eta 42 solasaldi iragarri dituzte azokako antolatzaileek.

Solasaldien gunean, literaturari dagokionez, Alaine Agirre, Harkaitz Cano, Katixa Agirre, Gotzon Barandiaran, Pako Aristi, Idurre Eskisabel, Iban Zaldua, Edorta Jimenez, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Jakoba Errekondo, Ane Labaka edota Oier Guillan idazleek euren lan berriak aurkeztuko dituzte, beste batzuen artean.

Komikigintzak eta bertsolaritzak ere euren tartea izango dute, Euskal Herriko hainbat elkarterekin batera. Era honetan Ahotsenean aurkezpenak egingo dituzte:  EHAZE Euskal herriko Antzerkizale Elkarteak, Gasteizko Gaztetxeak, Emagin Formakuntza, Dokumentazio, Ekoizpen eta Ikerkuntza Feminista Elkarteak edota Eztena…

Eta zuzenekoen karpari dagokionez, aurkezpenik behar ez duten ibilbide luzeko euskal musikaren erreferente ugari egongo dira Ahotsenean. Hala, Gatibu, Hesian, Txapelpunk edota Leihotikan talde mitikoak, proiektu berri eta gazteagoak diren Izaki Gardenak, Nogen, Iker Lauroba, Skasti, Larregi, Bad Sound, Aneguria, Xabi Bandini, Hezurbeltzak taldeekin igoko dira oholtza gainera. Bakarlaririk ere ez da faltako eta Inun, Josu Bergara edota Eneritz Furyak ere esaterako, han egongo dira euren lan berriekin.

Azken urteetan musika talde ezagunetan aritu diren hainbat musikarik ere euren proiektu berria aurkeztuko dute Ahotsenean: Hezurbeltzak (Jon Maia eta Gorka Hermosa), Era Batera (Gatibuko Gaizka Salazar eta Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza) eta Xabi Bandini (Kerobia taldeko abeslaria).

Baina talde ezagunez gain, euren lehenengo diskoa kaleratzen duten taldeak ere egongo dira besteak beste, Azalera, Zizel, Polybius, Txost, Rolan Garces, Maddi, Antton Larrandaburu eta bitxiloreak.

Antolatzaileek aurten ondu duten programazioa azpimarratzerako orduan, musika estilo anitza eta autoekoizpenak duten protagonismoak nabarmendu nahi izan dituzte.

Egitarau osoa kontsulta daiteke Ahotsenearen webgunean:

http://ahotsenea.durangokoazoka.eus/eu/egitaraua-ahotsenea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button