LITERATURA

Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga egileek 2019ko “Etxepare” saria irabazi dute

Leire Bilbao (idazlea), Leire Salaberria (ilustratzailea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina) hirukoteak osaturiko epaimahaiak, aurkeztu diren 23 lanen artean, Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga egileek sorturiko Etxe Honetan izeneko albuma saritu du.

Epaimahaikideek azpimarratutakoa, honakoa: “Egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan. Hitz gutxi baina nahikoen bitartez topikoetatik ihes egiten du eta lerro artean erakusten digu familia amak, osabak eta aipatutako bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela eta bera dela zaintza lanetaz eta kozinatzeaz arduratzen dena (errezeta bat eta guzti ematen digu!). Irudi aldetik, aipatzekoak dira erabili diren errekurtso narratiboak: etxea bera bertze pertsonaia baten moduan tratatua izan da eta istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen digu. Marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten diote eszena bakoitzean eta bertan pausatu eta goitik behera detaileei begira egotera gonbidatzen gaituzte.”

Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2019ko udazkenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button