EZLEKUBAT

Asier Gogortza: “Mugak badu iman efektu antzeko bat”

Egunotan, Asier Gogortzak Muga argazki erakusketa abiatu du Azkaine eta Bera herrietan. Muga lan hori marraren gaineko esplorazio geografikoa da. Berari galdetu diogu zertan den proiektu interesgarri hori.

Muga izeneko erakusketa abitu duzu Bera eta Azkaine herrietan. Konta iezaguzu zertan den Muga erakusketa?
Muga marrari buruzko esplorazio geografiko bat izan da lan hau. Muga tokietan lurraren eta lurraldearen artean sortzen den tentsioaz aritu nahi nuen, paisaiaren eta territorioaren arteko gatazkaz. Hori da azken finean mugek sortzen dituzten gatazka guztien iturria. Hurbiltasunagatik eta guri gehien eragiten digun muga delako, Euskal Herria bitan zatitzen duen marran ibili naiz argazkiak egiten. Hiru urte eman ditut muga marrara behin eta berriz joaten lan hau osatu arte. Teknika eta ikuspuntu desberdinak erabili ditut irudiak sortzeko baina argazki guztietan baldintza bat betetzen saiatu naiz: argazki makina beti muga marraren gain-gainean kokatzen nuen argazkiak egiteko unean. Modu honetan, erakusketarako aukeratu ditudan irudi guzien ezaugarri amankomuna da muga marrak erdi-erditik zatitzen dituela, nahiz eta paisaietan ez den hori antzematen.

Eta zer dela eta bi herritan erakusketa aldi berean?
Argazkiak egiteko erabili nuen baldintza horren haritik pentsatu nuen ariketa polita izan zitekeela erakusketa bera bitan zatitzea. Azkainen erdia eta Beran bertze erdia. Hala, erakusketa bere osoan ikusi nahi duenak Azkaindik Berara ibilbidea egin behar du edo alderantziz. Amets Arzallusek erran zuen Xilaba txapelketako bertso batean: mugaz gaindiko jendeak marrazten du herria. Bitxia da esaldi horren hitzak tokiz aldatuta ere zentzua izaten segitzen duela: herriaz gaindiko jendeak marrazten du muga edo marraz gaindiko jendeak mugatzen du herria

Eta plano fisikoago batera etorrita, zer da zuretzat muga (bat)?
Hasteko buruan dugun gauza bat da, mapatan egon badago baina Euskal Herriko kasuan behintzat lurrean ez dago marra hori marraztuta eta oraintxe bertan ez dago aduanarik alde batetik bertzera pasatzen ari zarela oroitarazteko. Hala ere, aski ongi dakigu noiz gauden alde batean eta noiz bertzean. Beraz, gure buruan dagoen kontzeptu bat da lehenik, eta pertsonak gara kontzeptu hori ulertzeko gai garen animalia bakarrak. Gainerako animaliek bazterretan pixa eginez edo soinuen bidez mugatzen dituzte euren lurraldeak.
Hortik abiatuta, erranen nuke pertsona bakoitzak modu desberdinean ulertzen dugula muga, gure pentsamoldearen arabera eta jaiotzea tokatu zaigun tokiaren arabera. Batzuk marra gaindituta tokiz kanpo sentitzen dira, bertze batzuk marra gainditzera behartzen dute euren burua, bertze batzuk naturaltasunez egiten dute alde batetik bertzera…
Gaur egun mugen kontrako joera nabarmena dago baina ni ez nago berez mugen kontra. Muga mugitzearen alde bai, eta mugak bertze modu batekoak izatearen alde ere bai, baina ez muga guztiak ezabatzearen alde. Régis Debray pentsalariak bere Mugei gorazarre liburuan erraten duen bezala, mundu globalizatu honetan mugak ezabatzeak mundua korporazio handien esku uztea suposatzen du. Mugak gizartearen azala direla dio berak, kanpoan eta barnean dagoenaren arteko oreka ezarri behar duten filtroak.
Neretzat mugak badu iman efektu antzeko bat, marraren inguruetara erakartzen nauena. Iruditzen zait mugek sortzen duten tentsio hori gero eta handiagoa egiten dela mugatik zenbat eta hurbilago egon.

Komentatu diguzu erakusketa urriaren 28an ireki zela, baina eguna apropos aukeratu izan zela, ezta?
Bai. Egun horretan egin zen Bera eta Sara arteko mugan 5 urtero egiten den ekitaldi bat. Mugalarreak konpartitzearen inguruko hitzarmen bat da, mugaz bi aldetako 6 herrik sinatzen dutena: Bera, Etxalar, Sara, Azkaine, Urruña eta Biriatu. Aspaldiko akordio horren arabera azienda libre ibil daiteke mugaren alde batetik bertzera. Herri horietako alkateak 36. mugarriaren parean dagoen Mahain Harrian eseri eta 5 urtetarako sinatzen dute hitzarmena. Egun hori aukeratu nuen Berako eta Azkaingo erakusketak irekitzeko.

Irudiekin bestelako diziplina uztartu nahi izan duzue herrian, izan ere Mugadantza izena duen ikuskizuna ere antolatu zenuten bertan.
Bai, baina nik ez nioke ikuskizun deituko. Dantza bat sortzeko ariketa egin dugu Martxel Rodriguez dantzariarekin eta Gaizka Sarasola musikariarekin batera. Tradizio izateko bokazioa duen dantza bat sortu nahi izan dugu, kontziente izanik hau zela dantzatzen zen lehen aldia eta hemendik bortz urtera errepikatzen bada dantza aldatu eginen dela, eta musika ere ez dela berdina izanen. Tradizio guztiek izaten duten bilakaera izanen duela, alegia.
Lehendabizi dantza garaikide inprobisazio bat grabatu genuen Mahain Harriaren gainean eta hortik abiatuta euskal dantza-pausu tradizionaletara pasatu dugu gero, doinua ere egokituz. Urriaren 28ko ekitaldian dantzatu zen jendaurrean lehen aldiz. Berako dantzari batek dantzatu zuen, Ainhoa Retegik, eta orain ikusteko dago bertze norbaitek hartuko duen segida hemendik 5 urtera edo bere horretan geldituko den.

Nola aritu zara argazkiak ateratzeko tenorean? Zein izan da zure jarrera paisaiarekiko?
Nere argazkietako gaiak paisaia eta arkitektura izaten dira gehienetan. Arkitektura bezala ulertzen ditut gizakiek lurraldearen gainean egiten ditugun interbentzioak eta kasu honetan muga da interbentzio hori. Muga marra mugarrien bidez errepresentatua dago paisaiaren gainean eta hortik abiatu naiz, mugarrien argazkiak eginez. Kasu batzuetan mugarriak tela beltz edo zuriz estali ditut argazkiak egin baino lehen. Horrekin lortu nahi nuena da mugarriak paisaiatik erabat bereiztea, paisaia eta territorioa parez pare jartzea, eta mugak sortzen duen tentsioa agerian uztea.
Gainerako irudietan teknika desberdinak erabili ditut digitalarekin koloretan eta zuri-beltzean, bi edo argazki gehiagoren arteko gainezartzea, camera obscurarekin egindako batzuk ere bai…, beti ere mugak sortzen duen tentsio hori irudietara eramatea izan da asmoa.

Guztira zenbat argazki atera zenituen? Guztiek dute balio bera? Guztiak dira muga horien ispilu, edo zenbaitetan interbentzio pertsonalez aldatu dituzu?
Ez nuke jakinen erraten zenbat argazki egin ditudan hiru urte hauetan, baina horietako gehienak hurrengo argazkietara ailegatzeko modua izan dira bakarrik. Beraz bidean lantzen ditudan irudiek gero ez dute baliorik neretzat, lan prozesuan aitzinera egiteko modu bat dira. Azken selekzioan 28 argazki gelditu zaizkit, erakusketan ikusten ahal direnak eta baita argitaratu dugun liburuxka batean ere.

Muga luzea duzu Euskal Herrian. Erakusketa ibiltari izateko bokazioz jaio da? Balizko muga kurrituko du proiektuak?
Argazkiak egiteko behin eta berriz joan naiz Bera inguruan ditugun mugarrietara baina baita Hendaia, Urruña, Zugarramurdi, Erratzu, Banka, Luzaide eta bertze hainbat muga tokitara ere. Ongi litzateke erakusketa bertze muga toki batzuetan egitea, baina zergatik ez Iruñean eta Donibane Garazin erdi eta erdi, adibidez. Mugaz bi aldetako erakusketa aretoak elkarlanean aritzea suposatuko luke horrek.

muga dantza #0 from asier gogortza on Vimeo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

1 thought on “Asier Gogortza: “Mugak badu iman efektu antzeko bat””

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu