Nontzeberri

“Asier Errasti” Film Laburren jaialdia Eibarren, gaurtik larunbata bitartean

Asier Errasti Film Laburren jaialdia abiaraziko da arratsaldeko 20:00etatik aurrera gaur berton Eibarko Koliseo Antzokian emango dituzten proiekzioekin. Izan ere, datorren larunbata, azaroaren 9ra bitartean, fikziozko eta animaziozko 51 labur  emango dituzte XX. edizioa betetzen duen jaialdiko egitarauaren barruan.

Gai sozialak dira aurtengo edizioan proiektatuko diren film laburren xede, genero indarkeria, zahartzaroaren ondorioak, haurren begirada eta bidegabekeria soziala, beste batzuen artean. Aurten gainera, emakumeen presentzia nabarmen igo dela jakinarazi dute antolatzaileek eta epaimahaiak aurtengo edizioan lehiatzeko aukeratutako 51 film laburren artean 13 film emakumeek zuzendutako lanak dira.

Hartara, gaur berton, azaroak 4, 20:00etan hasita, ikusgai izango diren laburren arten dituzue  Subway, El cuento, Naqam Diamond, Patchwork, Mirokutana, Incógnito, Khuruf eta Antxoni. Eta bihar, azaroaren 5ean, berriz, #Mensajes de voz, Ipdentical, El jarrón, La Noria, Hotzean garbitu, Amargo era el postre eta El primer día emango dituzte.

Azaroaren 9an, egitarauari amaiera emateko, gainera,  Coliseo Antzokiak gala berezi bat hartuko du aste osoko egitarau oparoari amaiera emanez. Hala, arratsaldeko 19:30etik aurrera, astean zehar emandako labur guztiak ikusteko aukera izango da sari banaketa ekitaldia baino lehen.

Javier Aguirresarobe fikziozko lehen eta bigarren sariez gain, animaziozkoa eta euskarazko saria ere emango dute. Eta gainera, aurten, nobedade gisa, publikoaren saria ere emango da. Era berean, Asier Errastiri omenaldi berezia egingo diote egun horretan, dokumental labur baten emanaldiarekin: Natalie Hicke-ren Txas. Gala berezia Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko du, eta Nerea Ariznabarreta eta Mikel Areitio aktoreak izango ditu lagun.

Baina hurrengo larunbatean ere izango du jarraipena egitarauak  A zer nolako heroiak  izenburupean, umeentzako ondutako filmen emanaldiekin. Familiarteko filmez gozatzeko aukera  azaroaren 16an, larunbatean, goizeko  11:00etan izango da, Portaleako Areto Nagusian.

Informazio gehiagorako, joan Eibarko Udalaren kultura atarira.

Exit mobile version