EZLEKUBAT

Artze gogoan

Aurrekoan kasualitatez, potoak garbitzen nengoala, Arantza Iturbek Joxean Artzeri egindako entrebistea entzuteko aukera izan neban. Hasieran atenzino handierik ez neutsan ipini; baina entzuten nengoana hain interesgarria zanez, eskaratzean geratu nintzan  segiduten konbertsazinoa. Asko harritzen nau sortzaile batek bere pentsakeraz berba egiten dauanean, batez be artelana egileak bizitzaz daukan pentsakeraren fruitu lez azaltzen bada, Artzek inoana entzutean berdin pasau jatan: “Sortzaile naizen neurrian naiz gizona eta gizona naizen neurrian sortzailea”. Agerian da sormen prozesuak berak egilea bultzatzen dauala bide barriak aurkitzera, ze bizitza eta sortze lana behin eta barriro eraberritzen dan garapenean bat eginda egonik, artistak bere gizon izatean ase leiteke egonezina.

Artze bere handitasunean umil agertu zan alkarrizketan, artistatzat baino artisautzat gehiago daukala bere burua begitandu jatan; horrek bere lanagaz lez bizitzaz be oso zorrotza dala erakusten dau: “Atzera begiratuta urteetan zorrotzegia izan nazela uste dot, bai neure buruagaz bai besteegaz. Lehenengo maitasuna eta gero zorroztasuna jarri behar da lehentasun lez bizitza honetan; urteek horixe erakutsi deuste, eta aspaldi irizpidez aldatzen hasia naz damu barik”. 
 
Olerkaria entzutean Oteizaren beharra etorri jatan burura; Guggenheimen bere eskulturen atzera begirako erakusketan izan nintzanean, lan teorikoa formen euskarri izateak harritu egin ninduan: teoria gorpuzten zan formetan beste dimentsio bat hartuz, garatuz behin eta barriro materia aldaketan. Holan hutsune kontzeptuak bere forma zeukan ezereza izateari laga barik. Azken batean, Artzek esan lez, artelana etenik bariko bilatze lan bat da: “Sortze lanak neu nazena ezagutzen lagundu deusta eta hori nahiko da justifikatzeko”. “Danok gara sortzaile eta zeozerk ernagatzen banau hori da berez, garena ez onartzea; beste kontu bat da ezagutza horretan azalean geratzea, ez sakontzea, baina hori gaur egungo gizonaren ezaugarri bat da. Gizakiok ez gara zoriontsu zoriona edukitzea ez dalako nahikoa, zoriontsu izan egin behar da. Gizarte kontsumista honetan edukitzeaz balio gara, eta horrek inola be ezin gaitu ase”.
 
Sormenaren gunea gizabanakoaren barruan dagoala, norbere barruko argian, eta argi horretatik jasotako txinparta dala sortzelana dinosku Artzek. Barneratze hori oso exigentea da; egiten zagozanari fedea izatea derrigorrezkoa izanda, beti be erresultadoak espero doguzanak izan ezean, norbere buruagaz konfidantza ahuldu egiten da. Makal aldietan behar egiteko pentsakerak izugarri lagundu ahal gaitu bizitzaz dogun pentsakera arteaz indartzen bada, eta, aldrebes, arteaz doguna bizitzaz, ze  bilakaerak izango dau garrantzia. Era horretan ez gara izango emaitzen morroi, salmenta ez da izango sormena baino inportanteagoa. Eguneroko lanetan pentsamolde jakin batek bere korrontean eroaten gaitunez, beharrak norbere izaeraren onarpen eta trebatzeagaz zer ikusi badu, zoriontsuago izan geinteke “izatean” eta ez “edukitzean” indarrak jarriz.
 
Olerkigintzaz zera entzun neutsan: “Denbora eta gero aldaketak onartzeko gai bada, esan leike olerki batek berez ez daukala bukaerarik. “Txoria txori” olerkiak urteetan aldaketarik egiten ez eustan laga, baina asko ez dala aspalditik gehitu nahi izandakoa onartu eustan”. “Nire ama hilda, lanaren amoreagatik hilda, bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe” poeman aldaketak egin dodaz, eskribidu nebaneko eta egungo nere ikuspuntua aldatu da eta orduan, gaztetasuna zala medio, jarrera tinkoa neban; gaur egun, ama zanak beste gogoeta batzuk eragiten deust. Neretzat olerkia hasi egiten da, baina inoiz ez da amaitzen; momentu batean osotasun bat lez agertzen da, baina izaera irekia du. Olerkiak banaka beharraz gauzatzen diran legetxe, liburuan taldeka agertzeko kohesio lana sarritan itzela da.  Olerki liburu bat gogoan badabilt osotasunean begiratzen deutsat, neure burua artaldea zaintzen dabilen artzain lez ikusten dot, azken batean olerkiek alkarrekaz bilatzen dabe edertasun oreka”.

Benetan gustora entzun neban Artze irratian; bizitasun handiz, apaltasunez baikor agertu zan, saioa naturaltasunez ia errezitaldi bihurtu eban: “Olerkiak txoriak lakoak dira, hegan ikasi behar dabe munduan ibilteko, ez dira arranoak urbelak baino; justu-justu burua ur gainetik atera arnasa hartzeko eta ostera be uretan hondoratzen dira, hegazti izateari inoiz laga barik”. Halan, olerkiak hondoratzen dira irakurleen barnean, sentipenak edozein momentutan hegaldia jaso ahal dabela, urbelak lez. Nahiz eta jarraitzalerik ez izan, ondorengo olerkari gazteei bidea zabaltzeko bere lehenengo bi liburuak berak editau ebala esan eban, zalantzarik barik etengabeko bilatze horretan aintzidari izan dala esan leiteke.
 
Bere berbetan: “Gizakiok geure osotasunean ez gara soilik gorputz eta arima, geure ingurua be bagara; horregatik berbizkunde egunean erlijioak geure inguruaz jasoko ginala dino. Geugaz bat da geure ingurua, zelaiak, arbolak, auzoa, hiria, ibaiak, parkea, lanbroa, hondartza. Unibertso barruan gizona pieza bat da, eta atal bakoitzak dauke bere funtzioa, bere justifikazinoa. Errealitatea ez da zentzurik bako oreka, berezko armonia daukan osotasuna baino. Gu naturaren parte bat gara, baina ondar ale txikienak be justifikatutako izaera dauka. Beraz, bada gauzen metafisika bat izatean eta ez edukitzean zentzu daukana, eta gizonak horri erreparatu behar deutsa. Inoiz baino baliabide gehiago daukagu eta ongizate gizarte honetan ezin gara ase”.
 
Artzeren berbak kontuan izan beharko gendukez, batez be gizaki guztiok sortzaile garala dioenean, sortze lanak eguneroko ibilbideari zentzua aurkitzen laguntzen deusku eta. Geure buru eta inguruagaz zoriontsu izaten ikasi behar dogu, pertsonari eta ez edukitzeari balio emanaz: “Zoriona edukitzea ez da nahikoa, zoriontsu izan egin behar da”.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button