Nontzeberri

Artiumen, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, makina bat jarduera

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, jarduera-programa eder bat prestatu du asteburu honetarako, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Familientzako lantegiak, adinekoentzako beste bat barruko plazako lorategian, bisita gidatuak, erakusketak eta Oreka TX taldearen musika-ekitaldia.

Oreka TX taldeak ohikoaz bestelako programa bat prestatu du Artiumeko emanaldirako. Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, Juanjo Otxandorena bouzouki-jotzailea eta Thierry Biscary (ahotsak eta danborra) kide dituela, Oreka TX taldea 2019ko Museoen Egunerako hautatako leloarekin (tradizioen etorkizuna) jolastuko da.  Oreka TX taldearekiko topaketa datorren larunbatean, hilak 18an, izango da, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Egun horretako agenda goizeko 11:30etan hasiko da, Museoaren inguruan bizi direnei zuzendutako lantegi batekin. Artiumen ingurumarietan bizi diren herritar askok harremana sortu dute azkeneko hilabeteotan hiri-lorategiarekin.

Bestalde, Museoen Egunaren asteburu horretan Artiumera hurbiltzen diren familiek askotariko aukerak izango dituzte. Zientzia Fikzioa izeneko lantegi bat eskainiko da, edota Gorputza, espazioa eta denbora izenekoa ere bai.
Igande goizean, Good morning Artium! eta Artium txikia lantegiek proposamen berriak eskainiko dizkiete Museora hurbiltzen diren familiei.

Bai larunbatean, bai igandean, bisitariek Artium osorik bisita gidatuetan parte hartu ahalko dute, goizeko 12:30etan eta arratsaldeko 18:30etan. Bisita hauetan ibilbide bat egitea proposatzen da Museoaren historian, arkitekturan eta erakusketetan zehar. Erakusketei dagokienez, bisitariek honako bi hauek ezagutzeko aukera izango dute, gida espezializatu baten eskutik: Oroi. Queda mucho pasado por delante, Artium Bildumakoa; eta riflespistolacañon, Jacobo Castellano artistarena.

Exit mobile version