ARTEA

Artiumeko “Eskualdea 2019” komisariotza eta ekoizpen artistikorako, lau proiektu hautatu dira

Eskualdea Arabako komisariotza eta ekoizpen artistikoko aurtengo deialdi publikoak lau proiektu artistiko hautatu ditu,  komisariotza proiektu bat eta ekoizpen artistikoko beste hiru. Proiektu guztiok urte honetako bigarren sei hilekoan garatuko dira,  Bastidan, Izkiko Parke Naturalean edota Añanako Gatz Haranean, besteak beste.

Hautatutako Komisariotza proiektuak Leyre Goikoetxearen Hiruki bat, 3 erpin, errizoma izatea izenburua daraman Miriam Isasi, Anabel Quincoces eta Belen Cerezo artistek egindako esku-hartzeek osatutakoa da.

Alde batetik, Miriam Isasik (1981) Izkiko Parke Naturalean egingo duen Arotzak esku hartzea proposatzen du Goikoetxeak. “Parkeko okilen ahots desberdinak grabatuz, eta behaketa eta artxiboko materiala berreskuratuz, Isasik pieza performatibo bat sortuko du –koreografia eta musika–, agertoki natural batean irudikatu eta bideoan grabatuko dena”, argitzen dute balioespen batzordeko kideek. Anabel Quincocesen (1968)  Sufre eta gatzezko oroitzapenak eskultura-multzoak dira bestetik Goikoetxeak proposatzen duen beste esku hartzea, Kuartangoko Bainuetxeko ur sufretsuak eta Gatz Haraneko ur gazietan bizi diren mikroorganismoak hartzen dituena oinarrian. Eta Goikoetxearen Hiruki bat, 3 erpin, errizoma izatea proposamenak jasotzen duen hirugarren esku hartzea Belen Cerezok (1977) Orainaldi jarraitua izeneko landa aldeko “bizimoduaren iraganari, orainari eta etorkizunari” buruzko hausnarketa bat proposatzen duena da; Artziniegako Museo Etnografikoan gauzatuko da.

Eta ekoizpen artistikoko proiektuei dagokionez, hautatuak Raisa Alavaren Izenbururik gabekoa proiektua; Ainhoa Amurrioren El cuerpo traumado en un espacio; eta Mario Paniegoren Gidaliburua lanak izan dira.

Alavak zeramikazko lantegi parte hartzaile bat proposatzen du, Amurrion gauzatuko duena. Oihane Amurrio (1996) artistak aldiz, Gorputz traumatizatua espazio batean proiektua aurkeztuko du. Bastidako familiaren baratzea hartzen du operazio-basetzat, eta harekin duen lotura pertsonal estutik abiatutako hausnarketa-lana garatuko du astebetez. Eta Gidaliburua esku hartzeak azkenik, Mario Paniego (1978) artista arabarrak azken urteotan eskuartean darabilen Manual de instrucciones proposamena aurkeztuko du. Paniegoren eguneroko bizitzako gidaliburu berriek, parte-hartzaileen ekarpena izango dute hainbat eskola-lantegitan.

Balioespen Batzordeak jakinarazi duenez, proposamenek “kalitate artistiko handia erakusten dute, lurraldearekin duten lotura soziala eta kulturala baztertu gabe”. Gainera,  esku hartzeak gauzatzeko prozesuetan ezarri diren dinamika parte hartzaileak azpimarratu ditu Haizea Barcenillak, Beatriz Herraezek, Enrique Uriartek eta Enrique Martinez Goikoetxeak osatu duten balioespen batzordeak.

Informazio gehiago, artium.eus web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button