MUSIKA

“Txalaroa16” txalaparta jaialdia, Iruñean

Hutsun Txalaparta taldeak antolatuta, gaur hasita (apirilak 25), eta maiatzaren 7ra bitartean, Iruñeko Juslarrocha Civivoxean, Txalaroa16 txalaparta jaialdia garatuko da. Jardunaldietan txalapartaren oinarrizko erregelak landuko dira, jotzeko molderik tradizionaletatik txalaparta modernoan murgiltze txikia egiteraino.

Txalapartaren inguruko programazioa beterik dator aste hauetarako. Hutsun Txalaparta taldeak txalapartarako hastapen-lantegiak emango ditu gazte eta helduentzat. Beste aldetik, topaketak eta hitzaldiak ere ondu dira instrumentuaren inguruan. Hala, apirilaren 28an, Jo Ala Jo Kultur Taldeko kide Xabi Torresek Jo Ala Jo-ren historia eta txalapartarekin eta kirikoketarekin duen lotura izeneko hitzaldia egingo du.
Maiatzean sartuta, Zurartean elkarteko kide Sergio Lamuedrak master class bat egingo du, 3an, eta 5ean Argibel Eubak Txalaparta: historia, erronkak eta paradoxak hitzaldia emango du. Bertan, “organologia (musika-tresna bera), transmisio-formak edota konnotazio interpretatiboak eta sozialak, berrikuspen historikoa, eztabaida, eta musika-jarduera horren erronkak etorkizunari begira” azalduko ditu.

Azkenik, kontzertuak ere programatu dira. Apirilaren 29an, Hutsun Txalapartaren txanda izango da. “Txalaparta-ikuskizun honek goitik behera barneratuko du ikuslea erritmoz, tinbrez eta melodiaz beteriko unibertso arraz berrian”.
Tarragonako Txalaparta Eskolatik Nando Talók eta Siscu Aguilerak osatzen duten Txek taldea maiatzaren 6an etorriko da. Eta maiatzaren 7an, Txalaparta-Topaketa egingo da Nafarroako eta Euskal Herri guztiko txalapartarien topagune ludikoa egiteko, eta aldi berean txalaparta jotzeko dauden estiloak erakusteko.

Jaialdi osoan zehar makilari buruzko erakusketa bat egongo da, makilak euskal kulturarekin duen lotura erakusteko. Eta horrez gain, eskultura-instalazioak, argazkiak eta bideo-emanaldiak ere izango dira.

Informazio guztia, hemen. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button