IKUS-ENTZUN

FAS zinekluba eta “Nosferatu” zikloa

Bilboko FAS zineklubak Asghar Farhadi zuzendariaren Le Passé (2013, Frantzia eta Iran) filma aurkeztuko du gaur, Bilboko El Carmen aretoan, 19:45ean; Ana Aizpiri EITBko kazetari eta FAS zineklubeko bazkideak aurkeztuko du emanaldia.

Ahmad gizon irandarraren istorioa biltzen du filmak. Ahmad Parisera joango da Marieri dibortzio eskatzera; hain zuzen ere, Farhadi zinegileak bikotearen arteko gatazka jasoko du filmean. Horrekin batera, etorkinen egoera ere salatuko du. FASen arabera, “gidoia aparta da, kamera mugikorra erabiliz, eta etengabeko dramatizazioa erakutsiz”.

Bestalde, Donostiako Nosferatu programak Luchino Viscontik filmatutako La Terra Trema (1948) filma aurkeztuko du, Antzoki Zaharrean, 20:00etan, Langile-klasea zineman zikloaren baitan.

Zikloak ekainaren 3ra arte iraungo du, eta guztira, 20 film baino gehiago emango dira; tartean, Stachka (Sergei M. Eisenstein, 1924), Modern Times (Charles Chaplin, 1936), Placido (Luis Garcia Berlanga, 1961), Novecento (Bernardo Bertolucci, 1976), Riff-Raff (Ken Loach, 1990) eta Tulitikkutehtaan tyttö (Aki Kaurismaki, 1990).

Viscontiren lanaren harira, Donostia Kulturak ondokoa iragarri du: “Aci Trezzan, uhartearen ekialdeko arrantzale-herri txikian, girotutako istorioa kontatzen du filmak. Arrantzaleek baldintza oso kaskarretan lan egiten dute, langileak esplotatzeko beren monopolioaz baliatzen diren handizkarien mende”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button