ESZENA

Artedrama topaketak gaur aurkeztu dira

Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) ekimena ospatuko dute aurten berriz ere, pazko astean, apirilaren 25etik 30era, Aulestin.
VI. Artedrama topaketak izango dira aurtengoak, apirilaren 25etik 30era, eta beste behin, arte eszenikoak euskaraz lantzen dutenen topagune izango dira jardunaldiok.

Arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenak elkartu, ikasi, eztabaidatu eta dakitena partekatzeko aukera bakarra da Artedrama Euskal Laborategia eta era berean, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztientzako bilgune.
Egun horietako tailer guztiak atontzen eta bideratzen egongo diren adituak Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza izango dira.

Beste aldetik sei antzerki lan ikusi ahal izango dira, batzuk esperimentalagoak besteak baino. Hala, apirilaren 25ean, Urki Muguruzaren Munstroa lana ikusi ahalko da; apirilaren 26an, Sagarren denbora (Josu Martinez eta Txaber Larroategi) emanaldia ikusiko da; 27an, Gure bide galduak (Dejabu Panpin laborategi); 28an, dantza Stereo lana (Miren Gaztañaga) eta Heroi heroi (Metrokoadrokoa); 29an, Iduzkilore lana (Joseba Aurkenerena, Peio Chipi); eta azkenik, apirilaren 30ean, Errautsak lana (Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu; 22:00etan).

ADEL topaketen edizio berri honen xehetasun guztiak jakinarazi dituzte gaur, asteartean, apirilak 19, goizeko 11:00etan Bilboko YORICK Liburudendan (San Frantzisko kalea, 15.aren parean) egin den prentsaurrekoan. Bertan, Iñake Irastorza, Maria Urzelai, Ainara Gurrutxaga eta Ander Lipus izan dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button