ARTEA

“Artea, zertarako?”

Xabier Gantzarain idazle eta arte-kritiko azkoitiarra Azpeitiko gaztetxean izango da bihar, 18:00etan, Artea, zertarako? galdearen inguruan gogoeta egiteko, izan ere, Gantzarainek Euskal Herriko arte garaikidearen inguruko liburu idatzi berri du. Hala, lan horretatik tiraka, solasean arituko dira Azpeitiko gaztetxean.

Liburuaren izenburua Zuloa da, zeina Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzi duen azkoitiarrak. Elkar argitaletxeak jakinarazi duenez, “egungo euskal artearen eta euskal gizartearen arteko harreman, zirrikitu eta interakzioak ikertzen ditu Xabier Gantzarainek, saiakera original eta sujerigarri batean. Ibon Aranbarriren proposamenak, Asier Mendizabalenak, Maider Lopez, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa… Chillida eta Oteizaz geroztik arteak gogoeta eta kritika egiten jarraitzen baitu, herritar gehienek ez dutela ulertzen esan arren”.

Gaztetxearen arabera, arte garaikideak gizartean betetzen duen funtzioaz, horrek daukan erabilgarritasunaz eta artea egiteko moduaz arituko dira gaztetxera gerturatuko diren lagunak. “Hitzaldiaren helburua da elkarrekin artearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea”.

Hitzaldiaren ostean, afaria izango da, bai eta agertokiko mikroak zabalik ere, nahi duenak abestu, kontatu edo errezitatu dezan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button