ESZENA

“Izar” Marie de Jongh konpainiaren ikuskizun berria, Leioan

Marie de Jongh konpainiaren eta Jokin Oregiren lan berria da Izar. Igandean, urtarrilak 14, 18:00etan, obra hori eskainiko da Kultur Leioan.

Izar lanak Amour eta aurreko ikuskizunen ildoa jarraitzen du, hitzik erabiltzen ez duen keinuzko lana eskainiz, komedia eta karga emozional handiko istorioa uztartuz, 7 urtetik gorako ikus-entzuleentzat. Elisa Sanzek bere magia eskaintzen du eszenografia eta jantziak sortzean eta ikuskizunaren ikuspegi orokorrean, antzezlanaren zuzendari artistiko gisa.

Obra honetan, Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Meabe eta Ana Martínez artistek hartzen dute parte. Marie de Jongh konpainiaren aurreko lanean bezala, taldeak maskararen aldeko apustua egiten du. Eta azpimarragarria da, baita ere, Iñaki Salvadorrek idatzitako musikaren pisua. Guztiek elkarrekin ematen diote bizia lanari, umeek eta nagusiek elkarrekin gozatzeko antzezlana, emozioak eta gogoetak, zalantzak eta egiak konpartitzeko topaleku gisa ulertutako antzerkia.

Obraren sinopsia honakoa da: Izar, sei urte eskas dituen neskato hauskorra den arren, dagoeneko ospe handiko piano-jole bihurtzeko bidean da. Gurasoek ezarri dioten diziplina zorrotzari esker, neskatilaren trebezia apartekoa da. Izarrek ez du hazi nahi, pozarren bizi da bere haurtzaro distiratsuan. Baina bizitzak, hain goraberatsu eta ezusteko izaki bihurriak, bestelako patua ekarri dio, ustegabeko labirinto emozionala. Handik aterako bada beste izar baten gidaritza beharko du; ez baina edonolako izarra, itsas-izarra baizik.

Marie de Jongh erreferente bilakatu da antzerkiaren panoraman. Orain arteko ikuskizun guztiak idatzi eta zuzendu dituen Jokin Oregi zuzendariaren sormenean oinarritutako ukitu bereziarekin, hainbat sari lortu ditu, eta familian zentratutako arte eszeniko konpainia nagusietakoa bilakatu da. Konpainiaren ikuskizunak Espainiako, Frantziako, Herbehereetako, Poloniako, Italiako, Portugalgo, Alemaniako eta Estatu Batuetako eszenatokietatik igaro dira. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button