EZLEKUBAT

Leire Urbeltz: “Euskal ilustratzaileok berezko izaera daukagu”

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Arte Ederretako ikasketak burutu ondoren, Bartzelonako Unibertsitate Autonomikoarekin atxikita dagoen Eina Eskolan jaso zuen Leire Urbeltzek ilustrazioko espezializazioa. Galtzagorri elkarteko bazkidea eta Marraz(i)oak irudigile berrien kolektiboaren kidea da.
Oraintsu Itzalpetik izenburuko liburu ilustratua plazaratu berri du Yolanda Arrieta idazlearekin batera. Argitalpen horri lotuta Nontzeberri ilustratzaile nafar gaztearekin solastu da.

Itzalpetik, Yolanda Arrietarekin lankidetzan egin duzun lana plazaratu berria da. Pozik zaude emaitzarekin? Zer nabarmenduko zenuke?
Esan ohi da, liburu bat amaitu baino abandonatu egiten dela. Eta egia da sentsazio horrek harrapatzen nauela lan bat entregatu behar dudan bakoitzean; beti dago aldatuko nukeen zerbait. Hala ere, sinesten duzun mezu bat igortzearen aukera nabarmenduko nuke, esate baterako Itzalpetik lanaren kasuan.

Zer moduz Yolanda Arrietarekin elkarlanean?
Aberasgarria da oso Yolanda Arrieta bezalako idazle esperimentatzaile batekin lan egitea. Izan ere, Yolandak sormenaren ikuspegi orokor eta integratzailea dauka. Eta sortzaile bezala neure adierazpena ere errespetatzen du, idazle eta irudigilearen arteko harreman ortodoxoa alde batera utzita.

Nola izaten da idazleekin egiten duzun lan prozesua oro har? Lehenengo bere testuak gero zure irudiak? Dena aldi berean? Testua al da abiapuntua?
Argitaletxeen proposamenak horrela izaten dira; idazlearen testua bidali eta horren gainean lan egiten duzu; hori prozesu polita da. Yolandaren kasuan, biok batera garatzen dugu istorioa, kontatu nahi duguna eta erabiliko dugun estetika prozesu sortzailearen barnean zehazten joaten dira; horrela talde lana bihurtzen da.

Uste duzu irakurleak ilustrazioa testuaren osagarri gisa ikusten duela edo balio propioa duen elementu gisa?
Tradizioak horretara bideratzen gaitu, ezta? Oro har ilustrazioa testuaren apaingarri gisa ulertzen da. Baina XXI. mende honetan ikus-lengoaiak daukan eragina oso nabaria da, eta ezin da ukatu apaingarritasun hori lanaren beraren ezaugarri nagusi bat dela.

Zeintzuk dira zure ilustratzaile kuttunenak edo erreferente dituzunak? Inspirazioa dira zuretzako?
Egia esan erreferente anitz ditut: El Boscoren koadroetatik hasita Shaun Tanen albumetaraino, Moebiusen komikiei gainbegiratua emanez, beti ere, ilustrazioari dagokionez. Batez ere, egunerokotasunaren abiadurak mendian topatzen dudan orekarekin alderatzean aurkitzen dut neure inspirazio iturri.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ilustraziogintza beste toki batzuekin alderatuz?
Merkatua murritzagoa da, eta horrek asko baldintzatzen du. Hala ere, euskaldunok ilustrazioari dagokionez, geure berezko izaera daukagula nabarmenduko nuke.

Orain egin duzun lanaz gain, zein motatako testuak gustatuko litzaizuke ilustratzea?
Buruan bueltaka daukat poesiaren inguruan lan egitea.
Ilustraziora mugatuko zenuke zure lana edo beste alorretan ikertu eta murgiltzea gustatuko litzaizuke?
Bizitzak berak mugatzen gaituenez, geure buruari ez diogula zertan mugak jarri behar pentsatzen dudan horietakoa naiz.

Zer moduz Bartzelonako esperientzia ilustrazioko graduondoko ikasketetan? Arte Ederratako ikasketei faltan botatzen zaion formakuntza izan daiteke?
Baliteke; arte ederretako ikasketak guztiz asetu ninduten eta biziki gozatu nituen, errepikatuko nituzke aukera izango banu. Baina egia da amaitzerakoan pixka bat noraezean sumatu nuela neure burua. Gradu-ondoko ikasketek errealitateko bizitzara birmoldatzera bideratu nautela pentsatzen dut. Azken finean guztiok bezala badauzkagu gure premiak.

Zertan ari zara momentu honetan, ilustrazioren bat zirriborratzen?
Momentu honetan, Zaragozako esparru publikoan interbentzio artistiko bat egiteko beka egokitu zait eta horretan ari naiz buru-belarri. Horretaz gain, objektu eskultoriko batetan hari naiz lanean eta ilustrazio proiektu batzuk zirriborratzen nabil, bai; baina oraindik aurreratu daitekeen ezer ez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button