ARTEA

Artea, argazkia eta moda elkarren eskutik Artelekun

Tailer honek adierazpen artistikoa eta moda-publizitatea elkarreraginean jartzen dituzten argazkigintzako praktiketan sakontzen du. Argazkigintzak eta modak, azken hamarkadetako ikusizko irudikapenaren ardatz nagusietako bik, gaur egungo gizartearen pertzepzio esperientzian gero eta handiagoa den espazioa hartzen dute. Bakoitzak banaka, eta batez ere biak batera, egunerokotasuna bereganatzen dute norbanakoaren eta munduaren arteko harreman eremu bat eratuz, gehienetan oso baldintzatua egoten dena. Bitarteko grafiko, elektroniko eta digitalen gorakadak erreferentzia eremu hori zabaldu eta aditzera ematen du.

Argazkigintzaren izaera dualak, bitarteko artistiko eta erregistrorako eta erreprodukziorako mekanismo gisa, hainbat jardunbide ahalbidetu ditu, helburu artistikotik merkataritza hutsekora doazenak. Elkargune horretan kokatutako argazkilariek artearen, modaren eta argazkigintzaren arteko joan-etorriko zirkuitu hori arakatzen dute, batzutan artetik abiatuta, besteetan publizitatetik, eta askotan tarteko posizio batetik. Zirkuitu horrek eragin nabaria du gaur egungo modaren, publizitatearen eta artearen alorrean, eta agerian gelditzen da hedabide grafikoetan argitaratutako lanen kalitate artistiko ukaezinean, edo museoetan eta galerietan gero eta gehiago ikus daitekeen moda-argazkigintzan.

William Selden britainiar argazkilariaren laguntzarekin, parte-hartzaile hautatuek proiektu pertsonalak landuko dituzte, tailerrean emango dizkieten koordenadak kontuan hartuta: diseinatzaile gonbidatu baten lanak, modeloak, argazki saioa. Hautatutako proiektu hoberenekin erakusketa bat egingo da Artelelekun, apirilaren 1ean, MID E Studio 011 programaren barruan.

Artelekuk bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button