ARTEA

Getxophoto jaialdiren hurrengo edizioan erakutsiko diren lan irabazleak

Getxophoto Irudi Jaialdiak zazpigarren nazioarteko deialdia egin berri du. Deialdi horrek Jaialdiaren 18. edizioan (2024ko ekainaren 6tik 30era) euren lana erakusteko aukera eskaintzen die artistei. Guztira 48 herrialdetatik bidalitako 400 proiektu baino gehiago jaso dira.

Aurreko edizioan Pausa gaia izan zen gaia, eta oraingoan, Play izango da. “Jokoak eta jokatzeak gizartean betetzen duten rola aztertuko du, etorriko dena entseatzen dugun proba-eremu handi hori sakonean arakatuz.”

Arianna Rinaldok (komisario independentea, Milan), Irene de Mendozak (Foto Colectania Fundazioa, Bartzelona), Ana Casas Brodak (Hydra plataforma, Mexiko) eta María Ptqk (Getxophotoko komisarioa) osatu duten nazioarteko epaimahaiak, 12 proiektu finalista eta 3 irabazle aukeratu ditu, eta jasotako lanen ikuspuntu, aniztasun eta sendotasuna azpimarratu ditu.

Hortaz, Getxophotoko hurrengo edizioan erakutsiko diren lan irabazleak honako hauek dira: Maxim Zmeyev artistaren Type 1.5.11. Bere proiektua “Fallout 76 bideojoko postapokaliptikoan egindako irudiek osatzen dute. Bideojoko honen jokalariek edukia pertsonalizatu eta eraikinen arkitektura eta diseinua xehetasun txikieneraino agindu dezakete”; Michalina Kacperak artistaren Soft Spot. Lan horrek “leku jakin baten istorioa kontatzen du, aldi berean aterpe eta espetxea dena eta irudimena biziraupenerako espazio seguru gisa darabilena. Haurtzaroko oroitzapenen eta emozioen bistaratze metaforiko batean”. Eta Alejandra Carles-Tolra artistaren Where we belong. “Egileak fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko mugari buruzko gogoeta egiten du, iraganaren eta orainaren artekoa, eta kide izatea, senidetasuna eta ihesa bezalako ideiak aztertzen ditu, Jane Austenen jarraitzaile-talde baten antzezpenaren bidez”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button