ESZENA

Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen XX. edizioa

XX. ediziora heldu da maiatzaren 8, 9 eta 10ean ospatuko den Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen jaialdia. Aurtengo edizioaren egitaraua gaur aurkeztu da Bilbon, Asier Albizua Manrique Arrigorriagako Alkate, Mikel Etxebarria Etxeita Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintza Zerbitzuko buru eta Amagoia Garaizabal Jaialdiko Zuzendaria eta Arrigorriagako Udaleko Kultur Teknikariaren eskutik.

Kultura eskaintza oparoa metatuko da asteburu honetan Arrigorriagan, kale antzerkia, umorea eta barrea harilkatuko dituen jaialdiarekin. Diziplina anitzeko obrak ikusteko hitzordu ezberdinak programatu dira, non malabareak, bihurrikatzeak, antzerkia, dantza, clown, eta barreak nahastuko diren.

Mathieu Moustache taldeak zabalduko du jaialdia ikuskizun dibertigarri batekin, eta horren ondoan, Deabru Beltzak taldeak Drumbeak ikuskizun harrigarria oholtzaratuko du.

Hurrengo egunetan, El Gran Rufus, Ortzi Acosta, Jessica Arpin, Primital Bros, El Espejo Negro, Dikothomia, edota Circo Los izango dira, beste askoren artean, kaleak animatuko dituzten taldeak.

Kale antzerkiaz gain, bestelako jarduera paraleloak programatu dira.  Igelen Metamorfosia Corrado Masaccik antolaturiko erakusketa baten izena da. Beste aldetik, Tiritirantes konpainiak Zirko tailerra emango du, eta Cia Cacahuete, Kale antzerki tailerra.

Antzerkia Arrigorriagako kaleetara hedatuko da, eta bertako biztanleak obra alai baten protagonista izango dira asteburu honetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button