ESZENA

Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia

Maiatzaren 4, 5 eta 6an ospatuko da Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen XXIII. edizioa. Gaur goizean, Bilboko Rekalde Aretoan, horren gaineko xehetasunak emateko Arrigorriagako Alkate Asier Albizua, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusi Andoni Iturbe, eta Jaialdiko Zuzendaria eta Arrigorriagako Udaleko Kultur Teknikari Amagoia Garaizabal bildu dira.

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdia dagoeneko XXIII. urtea bete duen nazioarteko jaialdia da. Aurten 11 talde hurbilduko dira herrira, horietarik 3 Euskal Herrikoak dira; Espainiatik bi gerturatuko dira eta besteak Danimarka, Argentina, Kolonbia, Txile eta Italiatik hurbilduko dira.

Bertaratuko diren ikusleek clown-a edo zirkua bezalako diziplina ezberdinetako lanak ikusteko aukera izango dute. Hala lehen egunean, ostiralean, Lotta & Stina, Cia. Levelibular eta Pass & Company taldeak arituko dira herriko plazan. Lehenak emakume bi dira akrobazia ikaragarriak egiten, etengabeko desorekan. Argentinatik datoz bigarrenak eta Portamundos lana egingo dute. Azkenik, hiru pailazok arituko dira Juguete roto lanean. Inork ez al dio bere buruari galdetu zer dagoen pailazo baten sudurraren atzean?

Larunbatean Aimar Y Cia, Men In Coats, Trinity eta Cia. Albadulake taldeen txanda izango da, eta igandea egun potoloa izango da sei ikuskizunekin: Zozongo, Shakti Olaizola, Men In Coats, Lotta & Stina, Cia. Lucchettino, eta Magia Clownesca gala.

Horretaz gain, Zirkuaren armairua izeneko erakusketa eta haurrentzako zirku tailer bat ere antolatu dira egun horietarako.

Informazio guztia: Arrigorriaga webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button