ARTEA

Montehermoso Kulturuneak gaur zabalduko ditu bere ateak

Montehermosok Kulturuneak gaur berton, ekainaren 9an, irekiko ditu ateak, COVID-19k sortu duen egoerari begirako zenbait prebentzio-neurri hartuta, herritarren segurtasuna bermatzeko. Mediateka itxita egongo da berriro abisatu arte.

Bertan abian dituzten erakusketak honakoak dituzue: The sky is inside (Susana Viñolo); Felices (Rut Briones eta Raquel Durán); eta Exodoa, hondakinak aterpe (Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuza)

Susana Viñoloren erakusketa horrek “aurrerapen teknologikoen eta ezagutzaren paradigma historikoki aldakorren arteko erlazioa du gaitzat, astronomiaren alorreko teknologiak ikergaitzat hartuz. Historian zehar, gizakiok holako eta halako tresnak baliatu izan ditugu zerua ikertzeko, hartara gure ahalmen sentsorialen esparrua handitzen joan garelarik; horra gure ezagutza- eta konkista-nahiaren erakusgarrietako bat”.

Rut Briones eta Raquel Duran artistek hausnartu egin dute geure mendeko gizartean zorionak duen esanahiaz. Erakusketa osatzen duten instalazioetako bakoitzak zorionaren alderdi kontzeptual batean sakontzen du. Elementu analogiko eta digitalak, kolektiboak eta indibidualak jarrita, erakusketak esperimentatzeko bideak luzatzen ditu, beti ere, zoriontsu egiten gaituen hura edota zorionaren sena bera ere kolokan jartzeraino.

Andoni Lubakik eta Karlos Zurutuzak argazkiak eta bideo bat jarri dituzte erakusgai. Siriako kurduek egun pairatzen duten zigorra islatzen duen 40 argazki: gerra frontea, mamu herriak, errefuxiatu eremuak, iheslariez jositako eskolak, hiletak…  Eta dokumentalean Fatma, 22 urteko unibertsitarioaren sentipenak kontatzen dira. Etxetik kanpo bizi da Turkiak 2018an bere herria suntsitu eta okupatu zuenetik. Bere bizitza berrabiarazten ari zela, Ankarak beste eraso bat bideratu du Fatma orain bizi den eskualdean. Neska kurdu honek artean aurkitu du ihesbide bat.

Erakusketa guztien gaineko datuak: Montehemoso

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button