BESTELAKOAK

“Arratia Posta txartelean” erakusketa, Igorren ikusgai

Bihar, otsailak 1, Igorreko Lasarte Aretoan, Arratia bailarako antzinako bizimodua erakusten duen Arratia Posta txartelean erakusketa abiatuko da. Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emateko helburua dago ekimenaren oinarrian.

Arratia da protagonista, eta Jon Urutxurtuk argitaratutako Arratia posta txartelean liburuan oinarritzen den erakusketan 90 bat argazki bildu dira. Argazkiak (XX. mendearen lehen erdian egindakoak) herriz herri sailkatuta daude, eta horretaz gain, garai hartan, Arratian grabatutako zinema irudiak ere jarriko dituzte ikusgai.

Arratia bera edota arratiarren bizimodua erakusten zuten posta txartelak argitaratu zituztenak, asko izan ziren, eta batzuk ezagunak gainera: Felipe Manterola, Indalecio Ojanguren, Foto Lux, L. G. Bilbao, Libreria E. Verdes, Libreria Villar, Artes Graficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landaburu Hermanas eta L. Roisin.

Izen horien guztien artean, bat nabarmendu behar da: Felipe Manterola (Zeanuri, 1885-1977) arratiarra. Bera balio etnografiko handiko posta txartelen egilea izan zen. Gainera, 1928 eta 1932 urteen artean Felipe Manterolak Zeanurin filmatutako pasarteak oso ederrak dira.

Erakusketako postaletan sasoi hartako eraikinak, paisaiak, bizimoduak, ohiturak eta janzkerak ezagutzeko informazio oso garrantzitsua da.
Iragana gurea da, eta etorkizuna ulertzeko atzean izan zena ezagutu behar da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button