MUSIKA

Arrasateko gaztetxeko “Kooltur Ekintza”

Arrasateko Kooltur Ekintza programak eta Gaztetxeak egitarau oparoa ondu dute apirilean. Hala, egitarau horren lehenengo hitzordua larunbatean izango da, apirilak 2, Ain1 eta Mor More zarauztarren eskutik. Mor Morek Bidarriak izenburuko lana argitaratu zuen iaz.

Apirilaren 7an, halaber, Vendettak festarako ska erritmoak zabalduko ditu. 9an, berriz, Marianitos Blai eta Los Zopilotes Txirriaus arituko dira.

Apirilaren 14an, Bi Bala taldeak joko du: Ataun eta Orioko musikariek osatutako bertso-rock egitasmoa da Bi Bala. 2014an, Wasabi izenburuko estreinako lana argitaratu zuen, eta 2015ean, halaber, Gure eroyak diskoa.  “Bertso musikatuekin   zerikusia duen proiektu honen muina hitzak dira. (…) Jasoko ote du euskal gizarte postmodernoak bertsolari rockero hauen enbata?”.

Ainara Legardon musikariaren txanda izango da apirilaren 21ean, eta 22an, punk-rock eta garage-punk eztanda izango da Discipulos de Dionisos eta The Lookers taldeen eskutik. 23an, Voltaia eta Anestesiak metal eta hardcore eztanda prestatuko dute.

Apirilaren 28an, Yellow big Machine bilbotarrek haien indie-rocka haizatuko dute, eta Kooltur Ekintza programa Eskean Kristo hard-rock talde bizkaitarraren kontzertuarekin amaituko da, apirilaren 30ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button