EZLEKUBAT

Arnau Sanz: “Garrantzia ematen diet kolore, konposizio eta orrialdeei”

Arnau Sanz (Bartzelona, 1984) artista Bilbon bizi da, eta gaur, ekainak 10, Llavaneres (Edicions De Ponent) argitaratu berri duen nobela grafikoaren inguruko erakusketa inauguratuko du, Bilboko  Anti liburu-dendan. Bi lehengusuren arteko harremana jorratzen du komikiak.

Sanzek hainbat arte esparru jorratzen ditu, tartean, ilustrazioa, diskoen diseinua edo storyboard-ak. Halere, komikia du gustukoen, eta Llavaneres-en aurretik beste komiki-proiektu batzuk plazaratu ditu. Horien artean nabarmentzekoa da Albert contra Albert, bere aitari buruzkoa, desoreka bipolarra duena. “(…) Egun, desoreka bipolarra ezin da sendatu, baina medikazioarekin eta tratamendu psikologikoarekin trata daiteke. (…) Nire aitak desoreka bipolarra dauka. Kokaina eta alkohol-zalea da, eta liburu hau haren ingurukoa da”.

Sanzen estiloa oso identifikagarria da. Marrazkiaren gainetik gidoia nagusitzen da, baina estetikoki oso berezia da, primitiboa da, baina estilizatua. Ez du biñetarik erabiltzen, eta irudiak hutsetik sortzen dira. Hala, orrialdearen eta komikiaren osotasunari erreparatzen dio, konposizioa azpimarratuz. Horretaz gainera, musikaria da, eta fanzineak plazaratzen ditu.

Asteazkenean, Bilboko Anti liburudendan aurkeztuko duzun erakusketa zertan datza?

Llavaneres komikiaren orriekin osatuko da, orri horiek baino ez. Anti liburu-dendako jendearekin hitz egin nuen, eta komikiaren orrialde guztiak jartzen saiatuko ginela erabaki genuen, bisitariek liburuaren original guztiak ikus ditzaten.

Zer kontatzen du zure nobela grafiko berri horrek?

Bi lehengusuren arteko harremana kontatzen du: hasiera batean, harreman oso estua dute, oso indartsua, baina urrundu egingo dira, eta denboraren poderioz, bien arteko konexioak berreskuratuko dituzte. Nagusiki, batasunaz hitz egiten du, norbanakoen arteko harremanen hondamenaz eta harreman horiek berreskuratzeko aukeraz.

Aurretik, Albert contra Albert izenburuko komikia plazaratu zenuen, oso lan autobiografikoa. Nola garatu zenuen eta zer ekarri dizu behin argitaratua?

Argitaratu den nire lehen egitasmoa handia ez ezik, katarsia ere izan zen, barruan neukan zama handi bat laga bainuen. Horrekin batera, irakurlearentzat potentzia handiko istorio bat kontatzen saiatu nintzen. Familiarentzat ere poztasun handia izan zen.

Tartean, Nacatamal ere plazaratu zenuen…

Bartzelonako Apa-Apa argitaletxearen enkargu bat izan zen, lagun minak dira. Grapa-grapa bilduma parte hartzeko gonbitea jaso genuen beste marrazkilari batek eta biok. Eta egia esan, oso pozik gelditu ginen emaitzarekin.

Deigarria da oso zure estiloa. Primitiboa, baina estilizatua eta erraz identifikatzen dena. Nola iritsi zinen estilo horretara?

Probak eginez eta sinplifikatuz, gehienbat. Hasieran, apur bat gainkargatuagoa zen, biñeten markoekin eta guzti, baina ez zuen funtzionatzen. Estilo biziagoa behar nuen, askeagoa, ez hain marraztua, trazuari garrantzia emanez, orrialdeei indar gehiago emateko asmoz. Orain zenbait proiektutan ari naiz lanean, akuarelarekin, eta kontzeptu bera mantentzen saiatzen naiz, bai eta koloreari garrantzia ematen ere.

Zure lanean zein da marrazkien eta gidoien arteko harremana?

Marrazkien istorioari laguntzen diote. Ez diot marrazkiari horrenbesteko garrantzia ematen, ez bainaiz marrazkilari ona. Garrantzi gehiago ematen diet koloreari, konposizioari eta orrialde multzo osoari.

Zure lehengo lanak zuk egindako fanzineetan plazaratu zenituen. Oraindik fanzineak egiten al dituzu? Zer irizten diozu zure kabuz argitaratutako lan horri?

Bai, eskarmentua hartzeko modu bat izan zen: fanzineak eramaten nituen dendetara, jendearen erantzuna ikusteko aukera dauzkazu, zure lanak harrera ona daukan ala ez, eta nagusiki, proiektu bat hasi eta amaitzea. Nolabait profesional gisa aritzea ere bada. Oraindik ere nire fanzinea egiten dut, Tito, eta neuk argitaratzen dut, eta bestelako gaiekin edo bestelako tonuko lanak probatzeko erabiltzen dut, gero nire lan serioagoetan eransteko asmoz.

Zure webgunean jasotzen denez, hainbat diziplinetan aritzen zara (bideoa, ilustrazioa…). Artista gisa bizirauteko aukera bakarra edo artista ipurterreak zara eta batetik bestera bidaiatzen aritzen al zara?

Biak direla esango nuke, baina, esaterako, komikitik eta diskoen azaletatik bizitzeko aukera izango banu, ez nuke storyboard-ik egingo.

Nola iritzi zara Bilbora? Eta ze desberdintasun nabaritzen duzu Bilbo eta zure jaioterri Bartzelonaren artean?

Urtebetez, bi astero etortzen nintzen neskalaguna ikustera, eta azkenean ezin nuen horrenbeste bidaia eta lanarekin, musika taldeekin  eta komikiarekin uztartzeko. Bilbo Bartzelona baino lasaiagoa da, komiki ferien eta abarrei dagokienez, baina hemen bisitatzen ditudan toki espezializatuak Bartzelonakoen maila berekoak dira. Bi hirien artean ikusten dudan diferentzia handiena eguraldia da.

Amaitzeko, rock taldeetan ere jotzen duzu, tartean, Naturalesa Salvatge eta Mujeres. Ezberdintasunik nabaritzen al duzu lan plastikoaren eta sormen musikalaren artean?

Ez, antzekoak dira, biak ala biak sormen-ekintzak baitira. Musika jarrita egiten dut beti lan, eta musikari lotutako gero eta gauza gehiago egiten ditut etxean, bakarrik; hortaz, gero eta gehiago ari dira batzen lan plastikoa eta sormen musikala. Etorkizuneko lanen batean litekeena da biek bat egitea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button