MUSIKA

Zain laukoteak punk doinu pop zaleak bildu ditu "XXI. Mendeko Piratak" diskoan

Zain osatzen duten lau musikariak izan dira diskoaren aurkezpenean: Unai (ahotsa eta gitarra), Asier (gitarra eta koroak), Alberto (baxua eta koroak), eta Froufe (bateria eta koroak). Unai eta Asier agertu dira mahaian eta biak ala biak argi dute euren estiloa punkaren eta poparen artekoa dela. "Ez daukagu inolako arazorik esateko gure musikak pop ukitua duela", esan du Unaik. "Guretzat popa melodia da, eta guretzat popak ez dauka inolako konnotazio txarrik; gurea punk, pop eta rock da", gaineratu du Asierrek. Hala, euren eraginen artean hardcore melodikoa jorratzen duen Millencollin taldea dago. Ez hori bakarrik, talde horren bilakaerarekin batera Zainek ere bere garapena izan duela nabarmendu dute. "Eurekin batera eboluzionatu dugu, eta euren antzera guk ere rockera jotzen dugu gero eta gehiago", azaldu du Asierrek. Bad Religion eta Offspring ere aipatu dituzte eraginen artean.

Elkarrekin jotzeko biltzen den lagun taldea da Zain. Gaztea sariaren ondorioz, baina, lan gehiago egin behar izan dute. "Gaztea maketa irabaztea oso positiboa izan da, hasiera batean sariak zer dakarren ez dakizun arren, gero ohartzen zara lan gehiago egin behar duzula, baina horren ondorioz taldeak gora egin du", azaldu du Unaik.

XXI. Mendeko Piratak Lorentzo Records estudioan grabatu dute eta nabarmentzeko kolaboratzaileak ere izan dituzte, tartean, Etxe eta Keikeko Nerea ahotsetan. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunaren aburuz, Zainen diskoak publiko handiarengana iristeko moduko kantuak gordetzen ditu: "errazak, motzak eta itsaskorrak".

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button