Nontzeberri

Arkitektura eta hiria aztergai, zine ziklo baten bidez

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Bizkaiko Ordezkaritzak Zinea, Arkitektura eta Hiria izeneko zine zikloa egingo du abendura bitartean. Hilabetean behin programatu den zine saioen aurretik gaia testuinguruan jarriko da, Eneko Lorente zine zikloaren komisarioaren eskutik.

Zikloko filmek hiriari buruzko hausnarketa bilatzen dute, “hiri eraikiaren eta imajinatutako hiriaren izaera bikoitzean, begirada filmikoaren bidez egiten den herritartasun proiektu gisa. Zineko hiriak esperientzia eta zentzu espazioak dira, eta ikuslea, herritar gisa, bestearekin duen topaketaren bidez eraikitzen da, zineak proiektatutako hiri espazioetan dagoen desberdintasunarekin eta alteritatearekin.”

Ostegun honetan, urriak 31, izango da lehen saioa Angel Borrego Cuberok zuzendutako The Competition lanarekin. Film horretan mundu osoko arkitekto ezagunenetako batzuk, Jean Nouvel, Frank Gehry edo Zaha Hadid, Andorrako Arte Museo Nazionalerako lehiaketa batean lehiatzen diren moduari buruzko kontakizun gordina agertzen da. Filma arkitekto bakoitzaren nortasunaren eta estrategiaren azterketa liluragarria da, testuinguru lehiakorrean eta dramatikoan.

Azaroko saioan Merce Cunningham koreografo eta dantzariak, Richard Moore zinegilearekin batera zuzendu zuen Assemblage filma pantailaratuko da. San Frantziskoko Ghirardelli plazako espazio publikoan koreografiazko esku-hartze bati buruzko ikusgarria da. Emanaldi hori oso berezia izango da, izan ere Bizkaiko EHAEOren zine zikloaren eta La Fundicionek antolatutako Dantzaldia Nazioarteko Dantza Jaialdiaren arteko lankidetzari esker, egingo den hitzaldia dantzarekin batera osatuko da.

Zikloa amaitzeko, abenduaren 19an, Trafic filma proiektatuko da. “Filma fikzioaren eta dokumentalaren artean igarotzen da, kultura eta gizarte garaikidearen paradoxetako batzuk eszenaratuz”.

Exit mobile version