LITERATURA

Aritz Mutiozabal idazleak “Piztiak” lana kaleratu du

Duela zazpi bat urte hasitako proiektu da Piztiak (Maiatz) narrazio bilduma. Joan den hilean, apirilaren 22an, Sarako Idazleen Batzarrean Mutiozabalen lan horrek argia ikusi zuen.

Oraingo honetan ere, Maiatz argitaletxeari esker argitaratu da liburua. Honako hau hirugarrena da Lucien Etxezarreta eta Baionako lagunekin plazaratzen duena. Aurreko biak poesiari dedikaturikoak izan ziren, eta Piztiak helduei zuzendutako narrazio bilduma da.

“Su oso geldoan lantzen joan naizen lana izan da, jarraikortasun konstanterik gabe, bidean bestelako proiektu batzuri lehentasuna emanez; haurrentzako literaturari eta poesia bildumei, hain zuzen ere. Azken urteetan, gehiegi luzatzen ari ote zela eta, adarretatik heltzea erabaki nuen, goitik behera berridatziz eta ordukoak gaur egunera ekarriz”.
Liburuaren kontrazalean egileak adierazten duen moduan, “nolabaiteko desoreka batek bultzatuta, liburu honetako pertsonaiek beraiek instintu primarioenak aterako dituzte. Sei piztia dira sei narrazioetan galduta”.

Kontakizunetako pertsonaiak ustez arruntak dira, baina bakoitzaren arruntasun horren barruan bada zerbait beraien onetik aterako dituena, beraien baitan daramaten piztia aterako dutena. Kontakizunak oro har fikzio hutsak badira ere, tarteka auto-fikzioa ere topatuko du irakurleak.
Azaleko argazkia eta liburu barruan, narrazio bakoitzaren hasieran, agertzen diren argazkiak Bittor Mutiozabalenak dira. Guztietan animaliak agertzen dira, apur bat irudikatu nahian bestiario hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button