EZLEKUBAT

Aritz Mutiozabal: “Hutsik geratu naiz”

Maiatz argitaletxearen eskutik, Aritz Mutiozabalek Hutsartea poema liburua kaleratu berri du. Liburua bost ataletan banaturik dator: Geografia zartatuak da lehena; bigarrena Ametsen itsasaldia deitzen da; hirugarrenari Amnesia markako erlojua deitu dio; laugarrena Mihia huelgan da; eta azkenik, bosgarrena, Eklipse bat nire ordenagailuan izenekoa da.
Liburua zertan den jakiteko, berarekin mintzatu gara.

 

  • Hutsartea da zure azken lana. Titulu sinplea, arin irakurtzekoa, baina era berean oso esanguratsua iruditu zaigu. Hustasunerako une asko topatuko ditugu berton?

Hutsak izan daitezken une, egoera eta sentipen asko agertzen dira. Hutsak izan daitezkeenak edo hala izan direla iruditzen zaizkigunak. Saskibaloia bezalako kiroletan hutsartea eskatzen dute taldeek, jokoa eten eta joko horri berriz nola heldu aztertzeko. Kontua da norberak etenaldi hori hartzen baldin badu ere, denbora errealak aurrera jarraitzen duela, eta hor jada bakoitzak atera behar dituela bere ondorioak: hutsarte hori bitarte hutsa izan den ala betea.

  • Literarioki, bitarte huts batean hasi zinen poemategi honekin. Nolakoa izan da une hartatik liburua gorpuztuta ikusi duzun arteko prozesua?

Gorren dantzalekua nire lehen poema liburua prestatzen denbora luzea pasatu nuen. Lehen poemak idazten hasi nintzenetik liburua argitaratu arteko prozesua nekeza izan zenez, atsedenaldi bat behar nuela sentitzen nuen. Hutsarte bat egitea. Nire barruak, ordea, gehiago husteko beharra zuen. Tarteka poema bat idazten nuen, baina inolako pretentsiorik gabe, eta konturatu nintzenerako mordoxka bat neuzkan koadernoan jasota. Berrirakurtzen, garbira pasatzen eta zuzentzen hasi nintzen, eta dinamika hori hartuta bigarren poema liburuari heltzeko ordua zela iruditu zitzaidan.

  • Zuri irakurria dizugu poesiak baduela zugan halako menpekotasun bat, barruak husteko balio dizuna….

Bai, hala dela esango nuke. Menpekotasun hori idatziz eta irakurriz asetzen saiatzen naiz, baina batez ere nik neuk sortuz. Kezkek burua torturatzen didatenean, itolarria sartzen zaidanean, poemak idaztea oso terapeutikoa egiten zaidan ariketa da. Niretzat oso praktikoa da, baina onartu behar dut une horietan idazten dudana askotan oso abstraktua dela, maiz surrealista ere bai, eta, ondorioz, ez dela erraz ulertzekoa.

  • Liburua bost ataletan banatu duzu. Hutsartea izan arren, ematen du zabal jorratu dituzula hainbat gai.

Bost hutsarte ezberdin ekarri ditut. Gehiago ere izango dira, baina nik bost horietan sakondu nahi izan dut. Lehena politikoena da; urteak erbestean, ihesi, preso edo ezkutuan pasa dutenen sentimendu intimoagoetan murgildu nahi izan dut, sorterrira itzultzean arrotz sentitzearen kezka oinarri harturik. Beste batzuetan ametsa, iragandako denbora eta isiltasuna dira aztergaiak; nolabait esateko, gai unibertsalagoak eta aurreko lanarekin lotura gehiago dutenak, ukitu existentzial horregatik. Azken atala litzateke pertsonalena eta, aldi berean, kritikoena: nire idazle ibilbidean izan ditudan gorabeherak, oztopoak eta frustrazioez ari naiz. Finean, bitarte horiek denak zerbaitetarako balio izan duten planteatzen dut… Airean uzten dudan galdera da.

  • Atal bakoitzak badu bere atmosfera? Zer nabarmenduko zenuke bakoitzean?

Pentsatzen dut baietz. Giroak ez dira berdinak atalez atal, baina hori irakurleak esan beharko du benetan lortu dudan. Lehen atala tentsio handikoa dela esango nuke, baina ondorengo hirurak lasaiagoak dira, nahiz eta gogoetarako bide ematen duten. Azken atalean irakurlearen enpatia bilatzen saiatzen naiz, eta horretarako ironia nahiz sarkasmoa erabiltzen dut hainbat unetan. 

  • Liburu bat plazaratu ostean hutsik geratzen da poeta. Hala sentitzen zara edota baduzu proiektu berririk buruan bueltaka?

Aitortu behar dut hutsik geratu naizela, baina ez bakarrik kanporatu beharreko guztia kanporatu dudalako, baizik eta ariketa hori eginda ere ez naizelako beteta sentitu. Liburua argitara atera da eta ilusioz heldu beharrean, guztiaz berehala ahazteko gogoa gailentzen ari zait egunetik egunera. Liburuaren azken atalean iradokitzen dudan moduan, ez daukat poesia idazten jarraitzeko asmorik. Eta badaramat denboraldi bat ezer sortu gabe. Beraz, benetako hutsartea oraingo hau dela esango nuke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button