ARTEA

“Arima hondartua” argazki erakusketa, Elorrion

Otsailaren 28ra bitartean, Elorrioko Iturri Kultur Etxean, Jon Rodriguez Bilbao argazkilari gasteiztarraren  itsasertzeko hondar industrial erdoilduen paisaiak erakutsiko dira. Oraingo honetan burdinezko portu handi eta zaharrak, ontziola eta itsasontzi itzelak, bertako langileak,… denak osatzen du Arima hondartua izeneko erakusketa.

“Arima bat dago hondartzan hondoa jota. Portutik hurbil. Isilean atseden hartzen duen amets baten mamua. Eguzkiarekin batera agertzen dira gizonak. Inguratu egiten dute. Egun osoan zehar begiratzen diote. Arimari begiratzen diote. Ikusezina da. Horregatik egin behar diote so horren luzaroan. Poliki-poliki beren begiak gaizki fokatzen eta formak bereizten hasten dira. ikusten hasten dira. Noizean behin itsasora begiratzen dute eta gero berriz ere arimara. Eta ondoren itsasora. Eta berriro ere arimara. Beren begiak ohartzen hasten dira. Onartu egin dute. Badakite.
Gizonek arnasa hartzen dute. Beren bularrak betetzen dituzte. Behar izango dute. Azken aldiz begiratzen diote elkarri eta hustasunean barneratzen dira poliki. Isiltasunak gortu egiten du. Isiltasunak dena betetzen du. Isiltasunean barrena mugitzen dira, hustasunean barrena.
Behar duten lekuan jarri eta jauzi egiten dute. Amets baten bila. Arimaren erdian ikusi duten ametsaren bila. Egia bihurtu nahi dute.  Airea dute. Lurra ere hartu dute. Sua. Helmugatzat beti ura.
Burnizko arrain handiaren erraietan dabiltza, bere arantzak, bere zakatzak, bere ezkatak, bere nahiak erakusten dizkie. Egundoko arraina da, amaigabea, betierekoa. Aterpea ematen dien eta beren tenplua den jainkoa. Beren plazerra eta sufrimendua da. Beren etxea eta erbestea. Beren lasaitasuna eta beldurra. Beren ogia eta atsekabea. Gizonek ez dute ia itsasoa ikusten. Maskor handi baten bidez entzuten dute, arrain handiaren sabeletik. Instrumentu handiaren arimaren barrualdean melodiak burdin zaporea du.
Gizonek arima maite dute. Gorrotatu egiten dute. Beren pasioa eta zigorra da. Airea hondoak jotako espirituaren itzalen artean sartzen da. Bularra hauspoa da. Gorputzak muga dira. Odolak, taupakari, atera egin nahi du. Gizonek itsasoa irrikatzen dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button