EZLEKUBAT

Mama Crea antzerki taldea, espazio berrien bila

Egun, antzerkiak definitzen du espazio eszenikoa, eta ez espazio eszenikoak antzerkia. Zergatik ezin da antzeztu edo dantza koreografia bat egin, arropa denda batean, hotel bateko igogailuan edo aireportuko sarreran? Galdera horiek erantzuteko Mama Crea antzerki taldeko Nuria Crespo aktorearengana jo dugu. Ohiko antzokietan lekurik ez izateagatik, Mama Crea antzerki taldea, antzerki edo dantzarako espazio berrien bila hasi zen duela urte batzuk, eta egun bere ekimenetako bat, Itineris apur bat delakoari esker, antzezpenak antolatu dituzte Zorrozaurreko marmoleria zahar batean, Melia Hoteleko (lehengo Sheraton) igogailu zein suite eta igerilekuan, edota For erropa dendan. “Antzerkia kalera atera nahi dugu, gertukoa izatea jendearentzat, gertutasun horrek, egungo gizarte teknifikatuetan, egiten gaituelako erakargarri, eta jendeak bereziki hori eskertzen duelako” esan digu Nuria Crespo aktoreak. Bestetik, BilboEszenan, Santutxun kokatzen den antzerki baliabideetarako gunean ere, Show Gelak antolatzen dituzte hilean behin. Gaubeldi tematiko hauen helburua, publikoa eta sortzaileen arteko harremana estutzea da eta datorren apirilaren 14an, eta Korrika bere onenean dagoela, Euskara eta Eszena izango dute mintzagai bertara gonbidatutako sortzaileak. Azkenik, “Partzela 85” antzezlana dugu Mama Crea antzerki taldearen azken ekoizpena, datorren maiatzean Leioan ospatuko den Umorezko Azokan kale antzerki gisa estreinatuko dena. Klown eta keinu hizkuntza erabilita, 4x4ko eszena duen antzezpena, leku desberdinetan egiteko pentsatua dago ere.

Noiz sortu zen Mama Crea taldea?

Ideia duela bost urte sortu zen baina enpresa bezala duela bi urte sortu ginen.

Eta zerk eramaten du antzerki talde bat enpresa bilakatzera?

Lana normalizatzearen alde egin genuen apustua. Bestetik, egun ezin duzu erakunde publikoengana jo, enpresa ez bazara. Lanean aritzeko ezinbestekoa izan dugu. Nolabait afizioa ofizioa bilatzea eta gure lanbide propioa sortzearen aldeko apustua da.

Zuen ekimenetako bat, Itineris apur bat, antzerkiari espazio berriak bilatzean datza.

Antzerki talde bezala sortu ginenean, argi genuen gure egiteetako bat hori izango zela. Egun, talde asko ari dira horretan Antzerkiaren Industria aldatzen ari delako. Egun bizi dugun gizarte mediatikoan, antzerkiak eskaini dezakeen gauzarik bereziena gertutasuna da, ikuskizuna badute telebistaren botoia sakatuz gero. Bestetik, antzoki handietara sarbidea izatea oso zaila da, eta horrek bultzatzen zaitu zure espazio propioak bilatzera, antzoki hoietara sartzeko dituzun zailtasunak eta baita, gustoko dugulako ere.

Zer da eta non egin izan da Itineris apur bat ekimena?

Itineris ibilbide artistiko bat da, 2 ordu t`erdikoa, eta laupabost antzezpen biltzen ditu ibilbide jakin baten zehar. Antzerkia, dantza edota performance lanak ikusi ahal izango ditugu itinerario edota ibilbide batean, eta, bereziki, ez ohiko espazioetan antzeztean datza. Non egin den? Metroko sarreran, pertsona baten etxe partikularrean, tren bagoi batean, arropa denda batean, marmoldegi zahar batean, hotel bateko instalazio guztietan, hau da, igogailuetan, logeletan, igerilekuan… Jada, hurrengoa prestatzen ari gara, ekoizpen lan handia eskatzen duelako, baimenak eskatu eta abar.

Dena den, Mama Creak mota honetako ekoizpenak egiteaz gain, zuen antzezpen propioak ere ekoizten dituzue. Partzela 85 duzue azken lana.

Hori da benetan Mama Crearen enborra edota zutabe nagusia. Ez diogu utziko antzerki talde izateari, nahiz eta beste mota bateko ikuskizunak antolatu edota ekoiztu. Horren adibide, Partzela 85, datorren maiatzean Leioako Umorezko Azokan estreinatuko dugu kale antzerki gisa baina berez, Partzela 85 leku askotan sar daiteke. Eszena 4x4koa denez, aireportu, igerileku, atrio edota edozeinen etxeko egongelan, handia bada, egin daiteke. Eta ez da txantxa. Klown tresnak erabilita, keinu bidezko hizkuntza oinarritzen da antzezlana, badugu testu apur bat baina hau ez da antzezpenaren zutabea. Ez dugu sudur gorririk erabiltzen baina klown pentsamendu batez egina dago.

BilboEszenan Showgelak antolatzen dituzue hilean behin. Sortze prozesuen elkar trukatzean datza ekimen hau.

Gaubeldi tematikoak dira, beti ere eszena dela abiapuntu. Ikus-entzunezkoak eta eszena, kabareta, emakume sortzaileak, gazte sortzaileak… Espazioa era berezi batez apaintzen dugu eta zerbait jan eta edan daiteke, ez dira batere formalak. Hauen azken helburua sortzailea eta publikoaren arteko harremana estutzea da. BAD (Bilbao Antzerki Dantza) jaialdiaren barruan, showgela bereziak egiten ditugu jaialdian parte hartzen duten sortzaileekin, jendeak hobeto uler dezan antzezlanaren prozesu kreatiboa eta publikoak sortzaileari nahi dituen galderak egiteko aukera izan dezan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button