Nontzeberri

“ArgIHIzkiak”, argazkietan oinarritutako euskarazko testuen lehiaketa

UK aldizkariak eta Egizu Getxo Euskaldun elkarteak antolatu dute ArgIHIzkiak, argazkietan oinarritutako euskarazko testu laburren lehiaketaren bigarren edizioa. Dagoeneko abian da, eta 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da.

Antolatzaileen esanetan, “literatur ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea”.

Horretarako, inguruko dozena bat argazkilarik (Aitor Galbarriatu, Fede Merino, Iker Basterretxea, Elker Azketa, Willy Uribe, Sara de Diego, Nagore Ayo, Juan Gomez, Natxo Pedrosa, Eduardo Camino, Luis de Isusi eta Peru Isasi) euren lanak aurkeztu dituzte, eta partaideek argazki horien inguruko testuak idatzi beharko dituzte.

Bi kategoria daude: “labur-laburra” (160 karaktere gehienez) eta “laburra” (100 hitz gehienez). Batuaz edo edozein euskalkitan idatz daiteke, eta testu mota guztiak onartuko dira. Kategoria bakoitzeko irabazle bana izango da eta 200€ jasoko ditu.

Xehetasun gehiago jaso nahi izanez gero: www.egizu.org/literatura/argi-hizkiak

Exit mobile version