Nontzeberri

Argazkilaritzari eta burgesiari egindako keinu artistikoak, Iruñean

Argazkiaren xarma apala, jorgemartínezuharte artistaren argazki erakusketak ateak zabaldu ditu gaur Iruñeko Ziudadelako Labean, eta bertan egongo da ikusgai datorren abenduaren 15era bitarte.

Erakusketaren izenburuak Luis Buñuelen Le charme discret de la bourgeoisie filmari erreferentzia egiten badio ere, ez du zerikusirik zinema zuzendariak ikusleari transmititu nahi zion ez argumentuarekin, ez estetikarekin, ezta  filosofiarekin ere. Hala ere, artistaren esanetan, “argazkilaritzaren eta burgesiaren artean proposatzen duen nahasketa hori interesatzen zait”, nahasketa horrek bere artelanek proposatutako kontzeptu-keinuari egiten diotelako ekarpena.

Hala, erakusketa bi piezek osatzen dute. Lehena, aretoaren erdian kokatuta, harresi biribila da, eta argazki-irudi bat dauka barruan “begiluzeengandik babestua”, azaltzen du artistak.  Bere asmoa jendea inguruko korridore batetik bideratzea da, artelanaren barnealdera sartu ahal izateko. Altzairu ilunduzko bisagrak baliatuz, zurezko industria-osagai aurrefabrikatuak erabili ditu lan honetan euskarri gisa.  Eta teknikoki, argazki digitalaren “hiper-errealitatea mespretxatu” du, itzalak eta kontraste baxuan ñabartutako irudiak sortuz.

Bigarren irudia, aldiz, 40ko hamarkadako argazki baten jabetza da, egilea anonimoa eta argazkia antikuario batetik berreskuratu zuena. Artelanaren ideia 90eko hamarkadan egin zuen lan baten parodia-sorta berreskuratzea da, jabetza intelektualaren eskubideak zalantzan jartzen dituena. “Egile ospetsu baten artelana imitatzean datza, eta sinaduran akats bat egitean, Asiako lehen kopien erara, nikon/nokin delako estrategia berbera erabiltzen dut, lege-arazoak saihesteko.  Argazkia antikuarioaren paretan zintzilik, zikin, hautsez beteta eta gauza-pila batez inguratuta ikusi nuen une horretan, Martín Chambiren argazkiak gogorarazi zizkidan, eta berehala, Juan Manuel Castro Prietoren proiektua”. Argazkia kopia fotokimikoa da, zuri-beltzean, eta luxuzko formatuan: “Gerra ostekoa izanik, eskuz argiztatua eta garai horretako jatorrizko urrezko molduraz hornituta baitago”.

Argazkigintza sormen-hizkuntza gisa erabiltzen duen artistarentzat  egungo argazkigintza “burgestua da, kontserbadorea eta batere lagungarri ez den espekulazio-kutsukoa. Horregatik, ekoizpenak nagusitzen diren esparruan, aspalditik egiten ditut kostu baxuko artelanak”.

Erakusketaren ordutegiak eta gainerako informazio guztia, iruñakulturada web atarian duzue.

Exit mobile version